Ordiziako Jakintza Ikastolako Maddi Garate (Ordizia, 2007) izan da Gipuzkoan selektibitatean notarik altuena lortu duen ikaslea. Urduritasun punturik izan gabe, 9,86 nota lortu du, espero ez bazuen ere. Batxilergoan zehar kalifikazio onak eskuratu ditu, eta orain, unibertsitaterako sarbide proban ere, bide berdinetik jarraitu du. Industria Diseinu eta Produktu Garapenerako Ingeniaritza ikastea du lehen aukera bezala, baina oraindik ez du erabakirik hartu.
Zorionak. Zer moduz zaude?
Mila esker. Oso pozik nago, bai. Zer nota lortu dudan ikustera sartu naiz goizean, eta oso altua zela ikusi badut ere, unibertsitatetik deitu didatenean jakin dut Gipuzkoako altuena zela.
Horren nota ona ateratzea espero zenuen?
Ez. Egia da sentsazio onekin bukatu nituela azterketak, baina ez nuen pentsatzen hain nota altua lortuko nuenik.
Urduri egin zenuen azterketa?
Egia esan, ez; ez naiz oso urduri jartzen azterketa garaietan, eta selektibitatearekin ere hala izan da, nahiz eta aurrera begira garrantzi handiko azterketak diren. Gainera, unibertsitate pribatu batera joateko asmoa nuenez, ez nuen nota altua atera behar izatearen presiorik.
Zein azterketarako ikasi zenuen gehien?
Filosofiarako. Zientzien alorra gustatzen zaidanez, buruz ikasi beharreko edukiak zailagoak iruditzen zaizkidalako.
Modu berezian prestatu zenuen proba?
Esan daiteke baietz, azkenean batxilergoan zehar azterketa garaiak urtero izaten baditugu ere, ez ditugu inoiz hainbeste proba jarraian izaten. Horregatik, eta edukiak ondo barneratzeko, antolaketa egoki bat izatea oso garrantzitsua da.
Zein zen zure beldur nagusia?
Momenturen batean blokeatuta geratzea. Hala ere, iruditzen zait azterketara lasai joatea dela horrelako momentuak saihesteko modurik onena.
Eta orain, zer ikasteko asmoa duzu?
Industria Diseinu eta Produktu Garapenerako Ingeniaritza ikastea zen nire lehen aukera. Hala ere, orain berriro hausnartuko dut, matematikarekin lotura duten ikasketa batzuk burutzea ere gustatuko litzaidakeelako.
"Ez naiz oso urduri jartzen azterketa garaietan, eta selektibitatearekin ere hala izan da, nahiz eta aurrera begira garrantzi handiko azterketak diren"
Zenbakiak dituzu gustuko.
Hori da.
Hain nota altua aterata, beste aukera batzuk ireki zaizkizu?
Izan daiteke, bai. Ez dut inoiz argi eta garbi eduki zer ikasiko nuen, eta notak aukera berriak irekitzen dizkizu, noski. Hala ere, aurretik nuen aukera gogokoenak bere horretan jarraitzen du.