Síguenos en redes sociales:

Euskaraz jarduteko gai den robot industrial aitzindari bat garatu dute

Tecnalia pertsonen eta sistema teknologikoen arteko interakzio neutralagoa ahalbidetzen duten teknologiak garatzen dabil

Euskaraz jarduteko gai den robot industrial aitzindari bat garatu duteOrai

Ingelesez eta gaztelaniaz gain, Tecnaliak euskaraz ere elkarreraginean jarduteko gai den robot industrial aitzindari bat garatu du Orairekin batera. Robotak ASR (Automatic Speech Recognition edo transkripzio automatikoko teknologia) eta TTS (Text To Speech edo hizketaren sintesia) teknologiak dauzka integratuak. Lehen aurkezpena pasa den ekainaren 3an egin zen, +Industry azokaren weAR topaketan.

Badira urteak Tecnaliapertsonen eta sistema teknologikoen (robotak, kontrol industrialak...) arteko interakzio neutralagoa ahalbidetzen duten teknologiak garatzen hasi zela. Kasu honetan, elkarrizketa arin baten bidez programatu daitekeen robot industrial adimendu bat garatu du. Halako erremintetan ohikoak diren hizkuntzez gain, gainera, Orairen laguntzaz euskaraz ere lan egiteko aukera garatu dute berrikuntza nagusi gisa.

Hala, enpresa ezberdinetako edozein langilek, baita ezagutza teknikorik eta programazio esperientziarik ez dutenek ere, robot berria konfigura dezake behar dituen zereginak egin ditzan. Bestalde, hizketaren sintesia eta ingurune industrial zaratatsura egokitutako transkripzio automatikoa ere hartzen ditu bere gain aparatuak.

Aurkezpen ekitaldian, robot adimenduak bitrozeramika baten osagaien muntaketa egin zuen, eta jarraibide berriak modu intuitibo eta eraginkorrean barneratu ditzakeela ziurtatu zen.

Komunikazioa

Hizketa teknologiak eta teknologia sortzaileak konbinatuz, eraldatu egin daiteke makinen eta gizakien arteko interakzioa, baita makinak gure beharretara egokitzeko modua. Aurrerapen horiek interakzio modu berriak sortzen dituzte. Ahots bidezko elkarrizketa naturala, esaterako. Horrek guztiz aldatzen du gaur arte makinekin eta sistema automatizatuekin komunikatzeko genuen modua, baita makinek erreakzionatzeko eta erantzuteko duten modua ere.

Tecnaliako Interakzio Areagotuko Fokuko arduradun den Unai Anterok euskararen integrazioaren garrantzia azpimarratu zuen aurkezpen ekitaldian: “Enpresa teknologiko handiek hizkuntza nagusietako adimen artifizialeko sistemak entrenatzeko erabiltzen dituzte baliabide gehienak, eta horrek desabantaila nabarmena dakar hizkuntza gutxituentzat, hala nola euskararentzat”. Euskara zuzenean barneratuta ez duten robot industrialek, jasotako aginduak transkribatu behar izaten zituzten orain arte, erantzun generikoak edo desegokiak eskainiz. “ Horrek erakusten du ahalegin berezia egin behar dela euskara adimen artifizialean eta etorkizuneko teknologian txertatzeko”, gaineratu zuen Anterok.

Robot adimentsua

Hala ere, robot industrial aitzindari honek, euskarazko agindu edo eskakizunak ulertzeaz gain, beste hainbat hizkuntzetan ere lan egin dezake. Hurrengo pausoa, Anteroren esanetan “sistemak berak hizkuntza automatikoki identifikatzea” izango litzateke.

Oraiko Hizketa Teknologien arduradun Igor Leturiak, robot industrial aitzindari bat garatzea “harro egoteko” modukoa dela adierazi zuen. Era berean, +Industry azokan aurkeztearen berezitasuna azpimarratu zuen, bere esanetan “fabrikazio adimendunari eskainitako Estatuko topagunerik handiena” baita. Leturiak makinekiko elkarrekintzan hizketa geroz eta gehiago erabiltzen dela azaldu zuen, eta robot berriak dituen ASR teknologia (hizketa automatikoki ezagutzekoa) eta TTSa (testua hizketa bihurtzen duena) mota guztietako makina eta robotetan, biltegietan, fabriketan eta abarretan integra daitezkeela azaldu zuen.