Donostiako Trebe enpresa teknologikoa: komunikazio digitalean euskarari bidea zabaltzen
NOTICIAS DE GIPUZKOAren webguneko albisteak sei hizkuntzatan irakurtzeko eta entzuteko aukera eskaintzen duen teknologia Vicomtech zentro teknologikoaren spin-off batek garatu du
Gaurtik hasita, noticiasdegipuzkoa.eus webguneko albisteak euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galegoz, frantsesez zein ingelesez irakurri eta entzuteko aukera egongo da, eta hori Donostiako Trebe enpresaren teknologiari esker izango da.
Vicomtech zentro teknologikoaren spin-off modura sortu zen Trebe Language Technologies duela hiru urte, Miramongo parke teknologikoan egoitza duena. Bere jarduera nagusia hizkuntza-teknologietan oinarritutako soluzio eta zerbitzuen garapena da: itzulpen automatikoa, transkripzioa (ahotsa testu bihurtzea) eta ahots bidezko sintesia (testua ahots bihurtzea). 12 profesionalek osatzen dute Trebeko lantaldea, gehienak informatikari eta hizkuntzalariak.
Enpresaren gerente Xabier García de Kortazarrek azaldu duenez, Treberen soluzioek hiru bereizgarri dituzte: batetik, teknologia bezeroaren etxean bertan ezarri daiteke, datuen segurtasuna eta pribatutasuna bermatuz. Gainera, zehaztu duenez, teknologikoki “soluzio arina da, ez da behar software potenterik”, eta hau bereziki garrantzitsua izan da NOTICIAS DE GIPUZKOAren CMS-aren baitan tresna txertatzeko orduan, “beste soluzio batzuk baino erraztasun handiagoak eskaintzen dituelako”.
Bigarrenik, Trebek erabiltzen duen adimen artifizialeko teknologia moldakorra da, eta bezeroaren kasu zehatzera egokitu daiteke. “Eredu orokorrak oso txukunak dira, baina benetako kalitate jauzia egiteko, lengoaia espezifikoetara egokitu behar dira”, azaldu du Kortazarrek. “Ospitale batean edo polizia-etxe batean ez da berdin hitz egiten eta horregatik ezinbestekoa da terminologia teknikoa ongi jasotzea”.
Azkenik, tokiko enpresa izanik, hizkuntza koofizialen tratamenduari arreta berezia eskaintzen diote Treben. “Euskararako, katalanerako eta galegorako kalitate handiko eredu espezifikoak garatu ditugu, baita gaztelaniarako, ingeleserako eta frantseserako ere”, adierazi du gerenteak.
Proiektu hau bereziki esanguratsua izan da Treberentzat, teknologikoki erronka handia izan delako, baina ez hori bakarrik. “Bi enpresa gipuzkoar elkarlanean, euskararen presentzia digitala indartzeko helburu partekatuarekin. Hori pozgarria eta aberasgarria izan da”, hausnartu du Kortazarrek.
Proiektu konplexua izan arren, Trebeko profesionalek hasieratik argi zuten bezeroarentzat kalitatea eta erabilgarritasuna zirela lehentasunak. Eta hala izan da. Euskarazko edukiak zabaltzeko eta hizkuntza aniztasuna sustatzeko pausoa emanda, Trebek bide berriak ireki ditu komunikazio digitalaren arloan.
Temas
Más en Sociedad
-
Una avería inhabilitó 30 de las líneas del 112 en Valencia el día de la dana
-
Pradales anima a unirse a Euskaraldia: "Ponte la chapa e intenta que tu primera palabra sea siempre en euskera"
-
Eudel se vuelca con Euskaraldia y anima a impulsar el euskera en los municipios vascos
-
Catalunya abre una investigación por el caso del 'Pelicot catalán', la niña tutelada violada por una red de pederastas