Donostia – Etxetresna elektrikoen energia-etiketa begiratzera aspaldidanik ohituta bagaude ere, laster gauza bera egin ahal izango dugu gure hurrengo telefono mugikorrarekin edo tabletarekin. Izan ere, ekainaren 20tik aurrera, Europar Batasunean saltzen diren smartphone, oinarrizko telefono eta tableta guztiek etiketa informatibo berria eraman beharko dute, orain arte pantailaren atzean ezkutatuta zegoen informazioa azalduz.
Etxetresna elektrikoen antzeko izango den energia-etiketa berri horri esker, esku artean dugun gailuak zenbat kontsumitzen duen, bateriaren iraupena zenbatekoa den, eguneroko erabilerarekiko zer nolako erresistentzia duen eta huts egiten duenean konpontzen erraza izango den jakin ahal izango dugu.
Neurri berri hori gailu elektronikoen bizitza erabilgarria luzatu eta hondakin teknologikoak murriztea helburu duen Europar Batasunaren estrategia zabalagoaren parte da. Horrela, “zaharkitze programatua” geldiarazi eta kontsumitzaileei tresnak eman nahi zaizkie erosketa arduratsuagoak eta iraunkorragoak egin ditzaten, esate baterako, bi urtean behin mugikorra aldatu beharrik ez izateko.
Zein gailuk eraman beharko dute etiketa?
Araudi berriak azken belaunaldiko smartphone-ei, Interneterako sarbiderik gabeko oinarrizko telefonoei, satelite-konektibitatea duten terminalei, haririk gabeko telefonoei (linea finkoei lotutakoak) eta 7 eta 17,4 hazbete arteko pantaila duten tabletei eragingo die.
Hala ere, gailu guztiek ez dute etiketa berri hau eraman beharko. Betearazpenetik kanpo geratuko dira 2025eko ekainaren 20a baino lehen merkaturatutako gailuak eta pantaila nagusi tolesgarria dutenak, guztiz edo partzialki bada ere. Salbuespen hori oso deigarria da, telefono tolesgarriak gero eta ugariago baitira azkenaldi honetan gama altuko merkatuan.
Nolakoa izango da etiketa?
Kontsumitzaile askorentzat ezaguna izango den ereduari jarraituko dio etiketa berri horrek: A-tik (eraginkortasun handiena) G-ra (eraginkortasun txikiena) bitarteko kolore-eskala bat erakutsiko du.
Informazioa ez da horrekin amaituko, ordea. Izan ere, aipatu informazioaz gain, ondorengo informazioa ere jaso beharko baitu etiketa berriak: karga oso bakoitzeko bateriaren iraupena ordu eta minututan; ustekabeko erorketen aurkako erresistentzia (A-tik E-ra); gailua konpontzea zeinen erraza izango den adieraziko duen konpongarritasun-indizea; bateriaren iraunkortasuna, %80ko gaitasunera jaitsi aurretik zenbat ziklo jasaten dituen adieraziz; eta, hautsaren eta uraren aurkako babesa (IP indizea deiturikoa).
Gainera, etiketak QR kode bat ere eraman beharko du, eta hori eskaneatuz, produktuari buruzko informazio zehatzagoa eskuratu ahal izango da zuzenean Europako EPREL (Energia Etiketatzeko Produktuen Europako Erregistroa) datu-basetik.
Fabrikatzaileek bete beharreko baldintzak
Araudiak ez du soilik informazioa erakustera behartuko, gainera, gailuek bete beharko dituzten gutxieneko estandarrak ere ezarriko dituelako. Adibidez, hemendik aurrera, bateriak gutxienez kargako 800 ziklo oso jasan beharko ditu, gutxienez jatorrizko gaitasunaren % 80 mantenduz. Horretaz gain, fabrikatzaileek funtsezko ordezko piezen eskuragarritasuna bermatu beharko dute produktua Europar Batasunean fabrikatzeari utzi eta 7 urtera arte. Horrekin batera, ordezko piezek eskuragarri egon beharko dute 5-10 laneguneko epean.
Eguneratzeei dagokienez, gailu guztiek sistema eragilearen eguneratzeak jaso beharko dituzte salmenta amaitu eta gutxienez 5 urtez, eta konponketa-zerbitzuek derrigorrez eskura izan beharko software eta firmware-rako sarbide ez-diskriminatzailea.
Aipatutako baldintza horiek guztiek, egoera onean egon arren eguneratzeen faltagatik edo konpontzea ezinezkoa izateagatik baztertu behar izan diren gailu askoren bizitza erabilgarria luzatzea dute helburu.
Onurak kontsumitzaile eta ingurumenarentzat
Europako Batzordeak egindako kalkuluen arabera, neurri horiek guztiek 14 terawatt-ordu inguruko energia primarioaren aurrezpena ekarriko omen dute urtero 2030era arte, alegia, produktu horiek, gaur egun, EBn kontsumitzen dutenaren heren bat, gutxi gorabehera. Beste modu batera argiago azalduta, kopuru hori herrialde txiki baten urteko kontsumoaren baliokidea izango litzateke.
Kontsumitzailearen ikuspegitik, ekimen horri esker, urtean etxe bakoitzeko, batez beste, 150 euroko aurrezpena lortuko litzateke. Diru-aurrezte horri, gainetik, orain arte indarrean jarritako bestelako neurriekin lortutako aurrezpenak ere gehitu behar zaizkio.
Bruselatik azaldu dutenez, aldagai ekonomikoaz gain, aldaketa nabarmenenetako bat kulturala izango omen da. Izan ere, horrelako neurrien bitartez, kontsumitzaileen erosketa ohituretan eragin nahi da eta, demagun, telefono bat erostean diseinua edo ahalmena lehenetsi beharrean, ingurumenean duen inpaktua edo gailuaren bizitza-zikloa lehenestea lortu nahi da. Horrekin guztiarekin, jasangarritasuna eta konpontzeko erraztasuna erosketa-faktore erabakigarriak bihurtzea espero da, orain hamarkada bat pentsaezina zen irizpidea.
Gardentasuna salmenta-puntuan
Dendek ere argi erakutsi beharko dute etiketa produktuaren ondoan, bai denda fisikoetan, bai online direnetan ere. Eta telefono bidezko salmentetan, eraginkortasun-mailari buruzko informazioa emateaz gain, etiketa osoa ikusteko aukera eskaini beharko dute.
Publizitateak ere neurri berrira egokitu beharko du eta egindako iragarki guztietan produktuaren eraginkortasun energetikoaren maila erakutsiko duen anagrama azaldu beharko da.