Gripearen birusaren zirkulazioak beheranzko joerarekin jarraitzen du Euskadin, Arnas Birus Sintzialarenak ere behera egin du eta covid-19aren kasuen kopuruak balio baxuetan jarraitzen du, Osakidetzak apirilaren 7tik 13ra egindako Arnas Infekzio Akutuaren (IRA) zaintza-buletinak jasotzen duenez.
Txosten horrek erakusten duenez, Lehen Mailako Arretako Sareko (LMA) IRA tasa 306 kasukoa izan da 100.000 biztanleko (327/100.000 aurreko astean), eta gripe-sindromearen tasak jaisten jarraitzen du Lehen Mailako Arretan, bronkiolitisaren tasak behera egiten du eta covid-19arenak balio baxuetan jarraitzen du.
Mikrobiologiako laborategira bidalitako 34 zaintza-laginen %73,5 baieztatu dira, eta gripearen hiru birus detektatu dira, SARS-CoV-2 bat eta VRS bakar bat ere ez.
Bestalde, Osakidetzaren ospitale-sareko IRA larriaren tasa 12,2 kasukoa izan da 100.000 biztanleko (12,9 kasu aurreko astean). Aste honetan gripearen 62 birus, 30 SARS-CoV-2 eta 15 VRS erregistratu dira Euskadiko Informazio Mikrobiologikoko Sisteman.
Aste honetako IRA tasa 306 kasukoa izan da 100.000 biztanleko (327/100.000 aurreko astean). Lurralde historikoen arabera, honako tasa hauek izan dira: 266,2/100.000 Araban, 318,1/100.000 Bizkaian eta 305,2/100.000 Gipuzkoan.
Adin-taldeen arabera, tasarik altuena urtebetetik beherakoen taldean eman da, 100.000 biztanleko 2.903,8 kasurekin, eta ondoren 1-4 eta 5-14 urte bitartekoen artean, 1.556 eta 446,3 kasu 100.000 biztanleko, hurrenez hurren.
Lehen mailako arretako gripe-sindromearen tasa 4,3 kasuraino jaisten da 100.000 biztanleko (5,4/100.000 aurreko astean). Bronkiolitis tasa (bi urtetik beherakoetan) jaitsi egin da, eta 188,8 kasutan kokatzen da 100.000 biztanleko (195,9/100.000 aurreko astean), eta covid-19aren tasa 100.000 biztanleko 2,0 kasutan mantentzen da (2,2/100.000 aurreko astean).
IRA edo IRAG (arnas infekzio akutu larria) kasu larriak dira Osakidetzako ospitale-sarean ospitaleratu behar direnak. Informazio hori astero lortzen da Historia Kliniko Elektronikotik , GNS-10eko kode diagnostikoak erabiliz. IRAG tasa honako hau izan da: 12,2 kasu 100.000 biztanleko (12,9/100.000 aurreko astean), 12,6/100.000 gizonen kasuan eta 11,8/100.000 emakumeen kasuan.
Adin-taldeen arabera, tasarik altuena 64 urtetik gorakoen taldean jakinarazi da, 100.000ko 37,6 kasurekin; ondoren, urtebetetik beherakoen taldea eta 1-4 urtekoen taldea daude, 100.000 biztanleko 36,9 eta 14,4 kasurekin, hurrenez hurren.