Eskualdean turismo jasangarria sustatu asmoz, ‘Kutsidazu bidea’ mendi ibilbidea aurkeztu dute Hernialdeko eta Alkizako Udalek. Turismo plan berria gauzatzen ari zirela, Joxean Sagaztizabalek idatzitako 'Kutsidazu bidea, Ixabel' oinarri hartu duen ibilbidea seinaleztatu eta errealitate bihurtzea erabaki zuten.
Orain, martxoaren 22tik hasita apirilaren 5era bitartean, larunbatero 10.30etan irteera gidatuak antolatu dituzte ibilbide berria ezagutzeko. Gidari lanak egingo dituen Brian Iñaki Xabier Cullenen esanetan, “edonork egiteko modukoa” da Ernio mendiaren magalean kokatzen den ibilbide berri hori. Izen ematea doakoa izango da eta Tolosaldeko Turismo Bulegora deitu besterik ez da egin beharko.
Hernialdetik Alkizara, edo Alkizatik Hernialdera, bailara eta herri ezberdinak ikusteko aukera eskaintzen du 'Kutsidazu Bidea'-k, eta Sagastizabalen nobela irakurri zutenei “erreferentzia ezagunak” etorriko zaizkiela dio Cullenek, “hainbat aipamen dituzten kartelak” ezarri dituztelako leku deigarrienetan. 1994an argitaratutako eleberria “ezagutzeko” aukera eskaintzen du ibilbideak, baita eskualdeko ingurune naturala ere. “Oso ibilbide konpletua” omen da Cullenen esanetan, eta bi herrietako zonalde berdeak ezagutzeko aukera aparta iruditzen zaio.