Aurtengo Euskaraldian entitateek oinarrizko egiteko batzuk izango dituzte
Milaka pertsonek parte hartu dute Euskaraldian ekimena martxan jarri zenetik belarriprest eta ahobizi izanda, eta horietaz gain, entitate ezberdinei ere hainbat aukera zabaltzen zaizkie parte hartu ahal izateko.
San Telmo museoan burutu den aurkezpenean, laugarren edizioan entitate ezberdinek izango dituzten betekizun eta aukerak aurkeztu ditu Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok. Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz “oso jakitun” direla azaldu du, “bertako kide askorentzat euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra entitatea delako” gaineratuz.
Entitateei dagokionean, Euskaraldiak askotarikoak hartzen ditu bere baitan, esate baterako, lantokiak, kirol zein kultur elkarteak, baita herriko denda eta tabernak ere. Aurtengo edizioan parte hartuko duten entitateek oinarrizko egiteko batzuk izango badituzte ere, aukeran hautatu ditzaketen urratsak emateko aukera ere zabalduko zaie.
Egitekoak
Oinarrizko egitekoak hiru izango dira. Batetik, informatzea izango da lehenengo betekizuna, eta belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaltzea eskatuko zaie. Hala nola, izena emateko animatzea eta erraztasunak jartzea.
Bestetik, parte hartuko duten heinean, kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza nola eskaini aztertu beharko dute, eta azkenik, Euskaraldiari ikusgarritasuna eman beharko diote, ekintzak antolatuz, hedabideekin harremanean arituz edota espazioak atonduta.
“Oinarrizko egiteko horiek izango dituzte izena ematen duten entitate guztiek” argitu du Urkijok. Hala ere, euskara bultzatzeko lanketa sakonagoa egiteko aukera ere izango dute. Bestelako urrats horiek emango dituztenen kasuan, “euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea” proposatuko zaie, hala nola, “ariguneak sortzea, bilerak euskaraz egiteko neurriak hartzea, mintzatratuak adostea…” dio Urkijok.
Mota ezberdinak
Euskaraldiaren laugarren edizioan parte hartuko duten lau entitatetako ordezkariak Donostiako aurkezpenean izan dira haien ikuspuntuak azaltzeko. Osasuna futbol taldeko komunikazio saileko kide Mikel Erbitiren hitzetan, “guk beti esan izan dugu osasunak euskaraz zuela izena, baina izana erdalduna izan duela urte askotan”. Egoera hori, ordea, aldatu egin zen 2017az geroztik, urte hartako batzar Nagusian bazkideek hala eskatu zutelako. Orduan sortu zen klubean “hizkuntza eta aholkularitza batzordea” eta “bide berri bat hasi genuen”, gaineratu du.
Azken edizioetan parte hartu bazuten ere, aurtengoan klubak bi helburu zehatz markatu ditu: barne mailan, euskaldunen artean talde lanak euskaraz egin ahal izatea, klubaren eguneroko jardunean euskararen normalizazioa bultzatuz. Kanpora begira, aldiz, “zaleek, euskara haiena den heinean, Osasunarekin duten harremana euskaraz ere egin dezaketela sentitzea” izango da helburua.
Irsearaba gizarte ekimenerako kooperatibaren ordezkari, Idoia Martinez eta Sergio Jimenez izan dira San Telmo museoko prentsaurrekoan. Aurreko edizioetan partu hartu ez bazuten ere, oraingo honetan “gogotsu” daude, eta Euskaraldia “euskara normalizatzeko dinamika” bat dela pentsatzen dute. “Bidea oinez egiten denez, pauso hori emateko egitasmo ezin hobea” dela azaldu du Martinezek. 2023an plangintza global batean murgildu ziren, eta orain, Euskaraldiarekin euren langileen artean “euskararen areagotzea” lortu nahi dute, baita lan egiten duten gainerako pertsonekin ere.
Baionan dagoen euskarazko murgiltze ereduko haurtzaindegia da Luma, eta elkarteko kide Patxi Amuletek azaldu duenez, “euskararen sustapena eta transmisioa”, haurtzaindegiaren “proiektuaren bihotzean” daude. Bere esperientzia pertsonala plazaratzeko tartea hartu du, esanez, elkartea 2008an sortu zela “Baionan ez zegoelako txikientzako euskarazko eskaintzarik, ez elebidunik, ez murgiltze ereduetan”.
Belarriprest eta ahobizi moduan parte hartu nahiko duten norbanakoentzat, martxoaren 15ean zabalduko da izena emateko epea. Azkenik, Euskaraldia, datorren maiatzaren 15etik 25era gauzatuko da, Euskal Herri osoko milaka pertsonen parte hartzearekin.