Buruko gaixotasuna duten pertsonen eta haien senideen Gipuzkoako elkarteak hitzaldi bat emango du datorren astelehenean Hondarribian, eta bertan "nerabe eta gazteekin komunikazioa errazteko, osasun mentaleko arazoak sahiesteko" jarraibideak emango dira.
Agifeseko psikologoa den Nekane Azuabarrenak, arratsaldeko seietan Kultur Etxean, hainbat jarraibide eskainiko dizkie bertaratutakoei, "familiaren komunikazioa hobetzeko eta seme-alabei sufrimendu psikikoa azaleratzen eta osasun mentaleko balizko arazoak bideratzen laguntzeko".
Bigarren heriotza-kausa
Agifesen esanetan, "osasun mentaleko arazoen %50a 15 urte bete baino lehen agertzen dira, eta %75a 18 urte bete baino lehen". Gaineratu duenez, "Espainian suizidioa da bigarren heriotza-kausa 10-17 urte bitarteko adingabeen artean".
Gainera, elkarteak adierazi duenez, ekimen honen helburua "hezkuntza-komunitatea sentsibilizatzea eta informatzea osasun mentalari buruz, eta gazteei eta haien familiei arazo psikikoen kudeaketan eta suspertze-prozesuan laguntzea" da.
Agifesen Zeuk Aukeratu programaren arduraduna da Azuabarrena eta programaren helburua "ikastetxeei eta, oro har, gizarteari zuzendutako tailer eta hitzaldien bidez sentsibilizatzea, adingabeen eta gazteen osasun mentaleko arazoak prebenitzeko eta bideratzeko".
Bestalde, programak "osasun mentaleko arazoak dituzten gazteei laguntzeko zerbitzuak ditu," bizi-proiektu propio eta itxaropentsu bat diseinatzeko, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta ", adierazi du Azuabarrenak.