Larunbatean Zumarragako Gazte Jaialdia egingo dute Izazpi auzoan. Joseto ta Alayak elektrotxarangak, Kraken 270ek eta Mugan taldeak joko dute.
Zumarragako Udalak sustatutako Gazte Asanbladatik jaio da jaialdia. Gazte Asanbladak jaialdia egitea proposatu zuen, parte hartze prozesua egin zuten eta aipatutako taldeak aukeratu zituzten.
19.00etan hasiko da, Joseto ta Alayak taldearen kalejirarekin. Antonio Oraa kalean, Leturiatarren plazan eta Izazpi auzoko parke estalian joko dute. Ondoren, 20.30ean, Kraken 270en txanda izango da. 22.00etan, berriz, Mugan taldeak joko du.
Ekitaldia Iñaki Mendiluze zinegotziak, Joseto ta Alayak elektrotxarangako Aitor Carrascok eta Josu Mendizabal Kraken 270ek aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean.
Mendiluzek Aldundiaren Gipuzkoan Gazte Tour bi urtean behin Zumarragako Izazpi auzora etortzen dela gogoratu zuen. “Goiko auzoetakoek aurten ere kontzertua izateko eskubidea dutela pentsatu dugu eta, gainera, Gazte Asanbladak jaialdia antolatzeko eskaera luzatu zuen”, aipatu zuen zinegotziak.
Carrascok bere taldearen berri eman zuen. “Gure elektrotxarangak 2017ko Urretxuko jaietan du abiapuntua. Kuadrillakook Euskal Jaiko desfilean parte hartu genuen, musikari eta herriari eskainitako karrozarekin. Kuadrillako batzuk musikariak garenez, instrumentuekin atera ginen. Desfilean eta desfilearen ondoren jo genuen. 2019an talde hura berreskuratu genuen eta ordutik 50 bat kontzertu egin ditugu. Geltokietako jaietan, Eitzako jaietan, Korrikan, Urretxuko jaietan… jo dugu”, gogoratu zuen.
Mendizabalek 14 The Real eta DJota Kensey lagunekin joko du. Ghetto Skills kolektiboko kideak dira. “Berrogeialdian hasi nintzen abestiak grabatzen. 2021etik Youtuben kanala dut. Gipuzkoa osoan jo dut. Agua da gehien entzun den abestia. Larunbatean, berriz, Al traste abesti berria aurkeztuko dugu”.
Joseto ta Alayak eta Kraken 270 herrikoak dira. Mugan taldea, berriz, Donostiakoa da. Hala, ezin izan ziren aurkezen ekitaldian egon. Hori dela eta, Mendiluzek aurkeztu zituen. “Mugan pop-rock taldea 2019an sortu zen. Bi disko kaleratu dituzte. Zumarragan bi diskoetako abestiak joko dituzte, baina batez ere Aurrera ez da albo batera lan berrikoak”.
Beste musika mota batzuk nahiago dituztenek, ez dute urrutira joan beharrik izango. Izan ere, Urretxun ere bi kontzertu antolatu dituzte asteburu honetarako. Gaur, 19.00etan, San Martin de Tours parrokiako organoaren 135. urteurrena ospatuko dute. Ximun Sorzabalbere Hondarribiko organistak, Gerardo Rifon Donostiako Gros auzoko San Ignacio parrokiako organistak eta Oier Gaston Urretxuko parrokiako organistak joko dute. Juncal Baroja Donostiako Orfeoiko sopranoak eta Urretxuko parrokiako abesbatzak ere parte hartuko dute.
Igandean, ordu eta toki berean, Donostiako Iesu abesbatzak Udazkeneko Musika Zikloko azken kontzertua egingo du.