Eusko Jaurlaritzak 2024-2025 Neguko Bideragarritasun Plana aurkeztu du, foru aldundietako eta autobideetako elurra kentzeko 215 makina aktibatzeko aukera jasotzen duena, aurreko urtean baino zazpi gehiago.
Egitasmo horretan, tonaje handiko ibilgailuak kentzeko zazpi garabi astun erabiltzeko aukera aurreikusten da, bai eta koordinazio- eta zaintza-lanetarako beste 130 ibilgailu ere, “Horiei, jakina, Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak gehituko zaizkie, horien kopurua ere ugaritu egingo delarik, eta premiaren arabera, polizia-etxeetako baliabideekin osatu ahal izango da, gainera”. 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun ere erabilgarri izango dira.
Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarrik gogora ekarri duenez, Neguko Bidezain-tza Plana behin elur-maila 1.000 metrora iristen denean aktibatuko da jarraipen- eta informazio-fasean, eta fase operatiboan berriz, 700 metrora iristen denean eta prezipitazio-bolumenak hala eskatzen duenean. “Gertakariak trafikoan izandako eragina aztertzea da garrantzitsuena, eta, ondoren, baldintza meteorologiko txar horietan bide segurtasuna bermatzeko neurri egokienak hartzea”, aipatu du Olabarrik.
Joan den negua “aspaldiko bareena”
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, joan den neguan bost aldiz aktibatu omen zen egitasmoa jarraipen-fasean, eta behin bakarrik fase operatiboan; “2022-2023 aldian”, berriz, bi aldiz jarri behar izan zen martxan. “Aspaldiko aktibazio mailarik baxuena” izan genuen, esate baterako 2017-2018ko neguan 17 alditan aktibatu behar izan baitzen, eta horietako 10etan fase operatiboan.
Horregatik azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, elurrak eta izotzak trafikoan izandako eraginari dagokionez, 2023-2024 neguko denboraldia “aspaldiko lasaiena” izan dela. “Ez dugu Koordinazio Organoa aldi osoan behin bakarrik elkartu beharrik izan, eta 2017/18 kanpainan, berriz, larrialdi-organo hori 5 aldiz bildu zen Krisi Mahaian”.
Eguraldi txarrarekin gidatu behar izanez gero, aholku praktiko batzuk zabaldu nahi izan dituzte Segurtasun Sailetik. Adibidez, “abiadura moteltzea, eta aurrean doazen ibilgailuekiko distantzia handitzea ezinbestekoa da, zorua bustita dagoenean leku gehiago behar izaten delako frenatzeko”.
Gainera, pneumatikoak “egoera onean egotea funtsezkoa dela” azpimarratu du, higatuta daudenean ura ez dutelako behar bezala kanporatzen eta istripuak eragin ditzaketelako.
Neguko gurpilak
Gai horren harira honako hau azaldu zuten Segurtasun Sailetik: “neguko pneumatikoak erabiltzea gomendatzen da, ura, izotza edota elurra dauden kasuetan, eta horretarako diseinatuta daudenez, trakzio, balaztatze eta gidatzeko aukera hobea eskaintzen dutelako”, eta, horiek erabili ezean, bidean elurrarekin topatuz gero, “zirkulatu ahal izatekotan ezinbestekoa izango da kateak eramatea eta jartzen jakitea”.
Egunik hotzenetan, “arreta bereziarekin ibili behar da izotzarekin”, trakzio totala bezalako sistemek ere ez dutelako patinatzeko arriskua erabat saihesten, eta, horregatik, “nahita nahiezkoa da abiadura murriztea eta arretarik handienarekin gidatzea” , bat-bateko balaztadak saihesteaz gain. l