Kantauriko hegalaburra gizentzeko lehen itsas-plantaren proiektu pilotua datozen asteetan abiatuko da. Getariako uretan 50 metroko diametroa duten lehen bi kaiolak instalatuko dituzte, oraingoz proba fasean, eta barruan arrainik gabe.

Proiektu aitzindaria da, Kantauri itsasoko baldintzak kontuan izanik. Orain arteko instalazio gehienak Mediterraneoan ezarri dira, han baldintzak hobeak direlako. Planta berriaren kaiolak hamabost bat metro urperatu ahal izango dituzte, eta, horri esker, olatuek edo balizko denboraleek sortutako zailtasunak saihestu ahal izango dira.

Proiektuaren sustatzailea den Balfegó enpresako zuzendari ondoko Juan Jose Navarrok, atzo azaldu zituen xehetasun horiek Orion; bertan izan ziren gainera, Rogelio Pozo Azti ikerketa zentroko zuzendaria eta Norberto Emazabel Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidentea ere, euren erakundeek egitasmoarekin bat egin dutelako.

Hasiera batean, proiektua udaberri honetan bertan martxan jartzea zegoen aurreikusita; bi kaiola jarri eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa frogatzeko aukera emango zuten lehen aleak harrapatzea zen asmoa. Tamalez, baimenetako baten atzerapenak datorren urtera arte atzeratuko du atunen arrantza, eta proba aste honetan bertan edo hurrengoan hasiko da, soilik kaiolak jarriz; hala, udazken honetan eta datorren neguan zehar, zer nolako erresistentzia, flotagarritasuna eta urperatzeko gaitasuna duten egiaztatu ahal izango da.

Etorkizuna

Proiektuaren arduradunek azaldu zutenez, bi milioi euroko aurrekontua duen programa pilotuak zailtasun teknikoak gainditu eta bideragarritasun ekonomikoa egiaztatuko balu, hurrengo urteetan lauzpabost kaiola gehiago jarriko omen dituzte; bakoitzak 150 tona atunentzako edukiera izango du eta lau eta bost milioi euro arteko kostu gehigarria.

Etorkizunean irits daitezkeen laguntza instituzionalei uko egiten ez arren, proiektua pribatua da. Kataluniako Balfegó enpresak jarri du aurrekontuaren % 70 eta Azti zentroak gainerakoa, proiektua kudeatzeko Itsasbalfegó sozietatea sortu dutelarik.

Ekimenean zeresan handia izango du euskal arrantza-sektoreak ere, flotak inguraketa-aparailuekin arrantza-lanak egitea ekarriko baitu, ondoren haztegian gizenduko diren hegalaburrak bizirik harrapatzea ezinbestekoa delako.

Etorkizunean, euskal flotak eskura dituen mila tona atunetik gora horiek akuikultura-ustiategi horretara bideratzea da helburua, gaur egun egiten denez, harrapaketa horren zati bat Estatuko beste toki batzuetako arrantzaleei laga ordez.

Norberto Emazabel Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidenteak azaldu zuenez, sektoreak “ez du aukera hori galdu nahi”, nahiz eta onartu “ez dela erraza izango” harrapaketen sistema berrira egokitzea. Proiektua “ondo gauzatzen bada”, arrantzaleak “bete-betean” sartuko dira egitasmoan.

Sustatzaileek bere garaian Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako proiektuan jasota dagoenez, hegalabur aleak, hil eta berehala “erraigabetu eta errefrigeratuko dituzte, animaliaren gorputztenperatura ahalik eta lasterren murriztu eta kalitatea behar bezala kontserbatu eta mantendu ahal izateko”.

Gainera, udazkeneko eta neguko azken hilabeteetan itsas baldintza txarrek arrainentzako janaria portutik kaioletara eramatea eragotziko dutela aurreikusten denez, ekaina eta uztaila bitartean harrapatutako atunak urrian sakrifikatzeko asmoa adierazi dute.

Lortutako produktua gastronomikoki “kalitate maila gorenekoa” izatea espero dute, jaki hori oso balioetsia baita Asiako “merkatu zabalean”, baita euskal sektore gastronomikoan ere.

Konpainiak Jaurlaritzari aurkeztutako agirian nabarmentzen zuenez, atun gorria da tunidoen artean preziatuena eta sukaldean gehien baloratzen dena, bere gantz infiltratuagatik, bere kolore gorriagatik eta bere “zapore eta testura paregabeagatik”.

Horrexegatik, behin atunak ekainean eta uztailean harrapatu ondoren kaioletan sartzen dituztenean, astean “bospasei egunetan” soilik arrain urdinarekin elikatuko omen dituzte, eta ez omen zaie “inolaz ere” irinetatik edo arrain-oliotik datorren konposaturik emango, ezta inolako gehigarririk edo sendagairik ere.