Neke kronikoaren sindromea aztertzeko protokolo bat zehaztu du Iñigo Murga Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, izena 'Identificación y caracterización de subgrupos clínicos en el Síndrome de Fatiga Crónica/Encefalomielitis Miálgica. Propuesta de un protocolo para su estudio' du. Ikerketaren bitartez, oso “informazio garrantzitsua” eskaintzen zaie medikuen komunitateari, bereziki lehen arretako profesionalei.
EHUko iturriek jakinarazi dutenez, Murgak gaitz konplexu eta ezezagun horri buruzko azterketa zorrotza egin du zazpi urtez. Paziente bakoitzaren sintomatologia ebaluatu ondoren, “gaixo profil ezberdinak” daudela ondorioztatu du. “Sintoma horiek guztiak klinikoki karakterizatu eta azpitaldeak sortzea lortu dugu, paziente bakoitza ebaluatzeko protokolo zehatza ezarri ahal izateko”, azaldu du azterlanaren egileak. Ikertzaileak adierazi duenez, “soilik ezaugarri jakin batzuk zango balitu bezala” aztertzen omen da nagusiki gaixotasuna nazioartean; bere tesian, aldiz, “askotariko ezaugarriak” dituela egiaztatu ahal izan du. Zehaztasun horiek guztiak Frontiers in Psychiatry aldizkarian argitaratu dizkiote: Clinical Heterogeneity in ME/CFS. Away to Understand Long COVID19 Fatigue.
Iñigo Murgak EHUko Neurozientziak Sailean urteotan egin duen ikerketa sakonari esker, neke kronikoaren azterketan aurrera egiteko oinarritzat baliagarri izan daitekeen jardunbidea eskaini dio komunitate zientifikoari. Ikerketa lan horrekin, gainera, gaitza ikusgai egiteko premia ere agerian jarri du, eta tresna erraz batzuk ere eskaini ditu lehen arretan diagnostiko goiztiarra egiteko. Neke kronikoaren sindromea, zenbait sistema organikotan eragiten duen sindrome neurologikoa da, hein handi batean desgaitasuna sortzen duena; nekagarritasun iraunkorra eta azaldu ezinekoa eragiten du, ahalegin fisiko eta mental txikiekin. Jatorri ezezaguneko oso patologia konplexua da, eta ia erabat murrizten ditu pazientearen jarduera profesionalak, sozialak eta etxekoak.
Gizonezkoei baino gehiago eragiten die emakumeei, baita ugaltzeko adinean daudenei ere, eta haurtzaroan ere ager daiteke. Gainera, gaixotasun arraro edo maiztasun gutxikotzat sailkatzen da esparru soziosanitarioan, eta erabateko diagnostikora iristeko, bost urte behar izaten dira batez beste. Horiez gain, Murgaren ikerketan, nerbio sistema autonomoaren funtzioak ebaluatu dituzte (erraien nahigabeko ekintzak kontrolatzen dituena), bai eta odoleko auto-antigorputzen balioak zehaztu ere, gaixotasunaren konpromiso neurologikoa eta immunea zehaztasunez ezagutu ahal izateko.
Neke kronikoaren sindromearen arazo soziala agerian jartzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du Iñigo Murgak. Bere hitzetan, “pazienteek muga funtzional handiak pairatzen dituzte, eta, horiez gain, behin diagnostikoa lortu ondoren, haietariko askok zailtasunak izaten dituzte beraien jarraipena egiteko eta beraien lan-eskubideak aintzat hartuak izan daitezen”. Halaber, gaitzaren konplexutasuna dela eta, euskal osasun publikoak ez du horretarako unitate espezializaturik, eta pazienteek Kataluniara joan behar izaten dutela aipatu du EHUko ikertzaileak. Murgaren esanetan, “gaitzak garrantzia handia hartu du, covid-19aren osteko sindromearekin antz handia duelako”. Hala ere, gehiago ikertu behar dela azpimarratu du, “bestelako baldintzak ote diren ala zinez berdin-berdinak diren zehazteko”.
Ikertzaileak aipatu duenez, “gaitzaren ezagutzan aurrera egin behar da, unibertsitatearen eta alor bio-sanitarioaren esparruetan. Gaur egun, nahikoa esperientzia pilatu dugu gaixotasun horretan, EHU eta Euskal Herria nazioarte mailan abangoardiako erreferente bihur daitezen. Ikerketa lan honekin, hazia jarri dugu guk”. Iñigo Murgaren doktore tesiak 2023-2024ko Aparteko Doktoretza Saria jaso du Neurozientzietako doktoretza programaren esparruan (EHU). Santurtziko San Juan de Dios erietxeko Neurotek disautonomia unitatearekin eta Gangoiti Fundazioarekin lankidetzan burutu du azterketa.
UPV/EHU
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute, Arrakasta programari jarraipena emateko. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen babeseko neurripean dauden haurrak eta nerabeak adin nagusitasunera iristen direnean, gazteek unibertsitatera sartzeko eta goi mailako ikasketak arrakastaz amaitzeko baldintzak indartzea du helburu nagusi egitasmo horrek. Arrakasta izeneko programa horri esker, Aldundiaren babes sistematik datozen zazpi gaztek burutuko dituzte unibertsitate ikasketak hasi berri den ikasturte honetan. Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak eta Fernando Tapia EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordeak berriki aurkeztu dituzte programa horren xehetasun guztiak.