Santakrutz jaiak ostiral honetatik irailaren 16ra arte ospatuko dira Lezon. Asteazken honetako aurkezpenean, Jon Legorburuk, Kultura zinegotziak, aditzera eman zuenez, lau egun hauetan 60 ekitaldi izango dira herritar guztientzako, haur, gazte zein helduri zuzendutakoak.

Jaien egitarauaren edukiari dagokionez, Legorburuk daten berezitasun bat azpimarratu zuen: “Santakrutz eguna larunbatean erori da eta horrek aldaketak ekarri ditu. Adibidez, marmitako eta dantza txapelketak egitarautik atera behar izan ditugu larunbatean dagoen ekitaldi kopuruarengatik”.

Aldiz, abuztuko Kilometro Lezo zikloan bertan behera gelditu ziren bi emanaldi ikusteko aukera egongo da: Harrobi dantza taldearen Geure(R)a ikuskizuna (larunbatean, 22.45ean, Santo Kristo basilikaren paretan) eta Tio Teronen Semeak taldearen Haurreskolari dantza emankizuna (igandean 20.00etan, Goiko Plazan).

Mikel Arruti alkateak festek lezoar nortasuna eraikitzeko duten garrantziaz mintzatu zen: “Santakrutzeko jaiak ez dira soilik dibertsioa, lezoarra izatearen harrotasuna partekatzeko eta gure nortasun kolektiboa indartzeko data aproposak ere badira. Gure herriaren hizkuntza, kultura, balioak eta nortasuna indartzeko egunak, alegia”.

Amaitzeko, Mireia Kuesta zinegotziak jaiak askatasunez eta modu seguruan bizitzeko egongo diren neurriak aurkeztu zituen. Festetan indarkeria matxista kasuetan arreta eta salaketa telefonoa bultzatzen jarraituko da (688 696 204), baita Pikukalen egongo den Puntu Morea ere, indarkeria matxistaren inguruko prebentzio eta sentsibilizazio gunea izango dena. Indarkeria sexistari eta LGTBI+fobiari buruzko informazioa eskainiko du, bai eta horiei aurrea hartzeko eta aurre egiteko tresnak ere.