Aldika-aldika egin ohi duen eran, Jagonet kontsulta zerbitzuko datu basea eguneratu du Euskaltzaindiak, eta 52 fitxa berri eskegi ditu bertan, zalantza lexiko, ortotipografiko, onomastiko eta morfosintaktikoekin.
Aldi berean, Akademiatik azaldu dutenez, lehendik zeuden fitxetarik hamar aldatu egin behar izan dira, Euskaltzaindiak azken bi urteotan onartu eta argitaraturiko azken arauetara egokitzeko; alegia, laburtzapenei buruzko 196. arauarekin, sinboloei buruzko 197. arauarekin eta letra estiloen 198. arauarekin bat etortzeko.
Momentu honetan, Jagonet datu baseak hizkuntzari buruz herritarrek bidalitako galderei emandako erantzunen 890 fitxa adierazgarri dauzka sarean kontsultatzeko moduan: 2020ra arteko 686ei, 80 erantsi zitzaizkien 2022an, beste 72 fitxa 2023an eta, oraingoan, 2024an, beste 52.
Jagonet hizkuntzaren gaineko kontsulta zerbitzu bat da, Euskaltzaindiak Internet bidez herritarren esku jartzen duena. Zerbitzuaren helburua da euskararen erabilera zuzena eta egokia sustatzea, eta haren ardura hizkuntza argibideak plazaratzea eta herritarrek hizkuntzari buruz bidalitako galderei erantzutea. Bi bide ditu erabiltzaileak hizkuntza zalantzak argitzeko: horiek datu basean bilatzea eta, erantzunik aurkitu ezean, galdera egitea.
Bestalde, Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegiaren argitalpen berria egin du, “edukiz aberastuago” eta “itxuraz ere berritua”. Aurkezpena bera ere argiagoa da, erabilera erraztu zaio eta sarrera osoan bilaketak egiteko aukera ere badu orain, Akademiako iturriek azaldu dutenez. Bilaketak izugarri findu daitezke orain adibidetegian, mendearen, euskalkiaren, egilearen eta obraren arabera iragazteko eskainitako aukerari esker, eta erreferentzia bibliografikoetako laburduren esanahia jakiteko, nahikoa da sagua erabiliz kurtsorea gainean jartzea. Guztira, 14. argitaraldi honetan 154 sarrera berri, 243 azpisarrera berri eta TEI (Text Encoding Initiative) delako testu-kodeketaren arabera egituratutako 48.521 adibide berri agertzen dira. Hiztegiak orotara 147.011 sarrera eta 58.248 azpisarrera ditu, eta horietan 716.914 adibide daude TEIren arabera egituratuta.
Horretaz gain, eta edukiari erreparatuz, Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoaren emaitzak (278-442 galderatakoak) arakatu eta gehitu zaizkio, eta Grenobleko liburutegian gordetzen den Oihenarten poesien 1657ko argitalpenaren alean agertu diren (eta orain arte ezagutzen ez ziren) poesietatik adibideak aukeratu eta txeratu zaizkio (Gidor Bilbaok ASJU aldizkarian eginiko ediziotik hartu dira). Orotariko Euskal Hiztegiak euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea du xede.
1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia eta 2005ean hamaseigarrena eta azkena. Euskaltzaindiak eskaintzen duena hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoaren hamalaugarren argitaraldi digitala da, eta Creative Commons lizentziapean banatzen da. Akademiak egituraketa lanean jarraitzen du, hiztegiaren barne egitura etengabe zuzentzen eta hobetzen. Lan horiei esker, hiztegiko azpisarrerak eta hainbat aldaera topatzeko gauza da orain bilatzailea. Horrez gain, jadanik egituratutako 716.914 adibideak bildu eta sailkatu egin dira. Adibidetegi horrek bilaketak egiteko aukera ere eskaintzen du. Bestalde Euskara Batuaren Ortotipografia: laburtzapenak eta sinboloak ikastaroa antolatu du Euskaltzaindiak irailaren 17rako Gasteizen, Akademiaren Arabako ordezkaritzan. Ikastaroa doakoa da eta plazak mugatuak dira. Alfontso Mujika euskaltzain osoak emango du ikastaroa, eta euskaraz idaztean letra larriak, lodiak, etzanak edo sinboloak nola erabili behar diren izango da ikasgai, besteak beste, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez. Ikastaroa 16.00etatik 19.00etara izango da.
Azkenik, Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektuak jaso du ikerketa-lan monografikoen saria. Euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa-lan monografikoak sustatzeko helburua du deialdi horrek, eta Oihana Lujanbio Begiristainek (Goizueta, Nafarroa, 1982) eskuratu du 3.000 euroko saria. Ikerlariak 2025ko otsailaren 28ra bitarteko epea izango du proiektua ondu eta aurkezteko. Datozen hilabeteetan, Goizuetako noka formak zabaltzeko bideak ikergai izango ditu; praktikak sustatuko ditu, eta horiek erabileran eraginik ba ote duten aztertuko du. Nokaren galeraren arrazoiak ezagutzea eta herritarren hausnarketa eragitea izango du helburu, eta azkenik, Goizuetan noka mantendu duten hiztun-taldeen praktika onak ere jasoko ditu. Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunaren inguruko bi ikerketa-lan monografiko saritzeko deialdia argitaratu zuen Euskaltzaindiak martxoan.
Xehetasunez
Informazioa. Euskaltzaindiak kontsulta zerbitzuko Jagonet datu basea eguneratu du, aldian-aldian egin ohi duenez, eta 52 fitxa berri eskegi ditu bertan, zalantza lexiko, ortotipografiko, onomastiko eta morfosintaktikoekin. Aldi berean, Akademiatik azaldu dutenez, lehendik zeuden fitxetako hamar aldatu egin behar izan dituzte, Euskaltzaindiak azken bi urteotan onartu eta argitaraturiko azken arauetara egokitzeko.