Euskarak Justiziari eta Zuzenbideari dagokienez dituen "arazoak eta erronkak" aztergai izango dituzte EHUren udako ikastaro batean: kontratazio eta enplegu publikoetan hizkuntza horrek duen egoera aztertuko dute adituek, deialdi batzuetan hizkuntza eskakizunak eskatzea baztertu duten epaien ostean.

"Azkenaldian, polemika sortu dute lan deialdi publikoetan ezarritako hizkuntza irizpideen aurkako hainbat epaik, eta, testuinguru horretan, euskararen erronkei aurre egiteko tresna posibleak jorratuko dira legediaren eta kontratazio publikoaren arloan", nabarmendu du Gipuzkoako Aldundiak, ikastaroaren bultzatzaileak, ohar batean.

Azaldu duenez, Europako beste lurralde eta herrialde batzuetako egoerari ere erreparatuko diote, eta "orain arte jurisprudentziak eta haren bilakaerak euskararekiko izan duen diskriminazio positiboaren irizpidea" ere jorratuko dute.

Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak adierazi duenez, azken hilabeteotan "epai bidegabeak" eman dira, "herritarren hizkuntza eskubideak eta euskal erakundeek enplegu publikoaren politika diseinatzeko duten legezko autonomia zalantzan jartzen dutenak".

Bere ustez, egoera horrek "egungo testuinguru juridikoaren eta araudien inguruko hausnarketa" eskatzen du, "hizkuntza eskubideen defentsan eta euskararen biziberritzean aurrera egiteko tresna eta aukera berriak identifikatzeko, orain arte egindako ahaleginari esker lortutako aurrerapausoak eten gabe".

Irune Berasaluze Foru Aldundiko Gobernantza diputatuak, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Eva Ferreira EHUko errektoreak irekiko dute ikasturtea.

Besteak beste, Eva Pons Parera Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea, Iñigo Urrutia Libaron EHUko katedraduna, Iratxe Aizarna Bizkaiko Foru Aldundiko abokatua eta Nekane Bolinaga Gipuzkoako foru erakundeko Kontratazio Publikoa Koordinatzeko Zerbitzuko burua izango dira hizlari ekainaren 21ean egingo den mintegian.