Egoera oso bestelakoa zen Gipuzkoako Eskola Txikien festa 1997an Adunan ospatu zenean: “Urte horretan lekukoa hartzeko arrazoi nagusia, ikasle kopurua jeisten ari zelako zen. Ikasle askok insititura zihoazen eta eskolan oso familia gutxi gelditu zen. Zorionez, herritarrek eskola txikiengan sinisten dutelako eskola mantendu egin da eta gaur egun 54 ikasle ditugu: Haur Hezkuntzan 16 eta Lehen hezkuntzan 38”. Horiek izango dira datorren igandean Adunan ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien 35. Festaren protagonista nagusiak.

Itsaso Noval Adunako eskolako zuzendariak astearte honetan azaldu duenez, azken 27 urte hauetan “eskolako paisajea asko aldatu egin den arren, esentzia mantendu egin da” eta ozen esan daiteke eskola txikiak “gertukoak, atseginak, erosoak” direla eta “herri eta auzoekin lotuta” daudela: “Guztion eskola eta denontzat irekita dagoena gara”. Eskola publiko hauek “estrategikoak” dira gainera herri txiki eta auzoentzat.

Gipuzkoako 27 eskola txikien sareak lagunduta, Adunako hezkuntza komunitate osoak egindako “auzolan erraldoi” batean antolatu dute igandeko festa.

Festa giroa sumatzen da jadanik. Iaz Lizartzan, aurten Adunan. Katea ezin da eten. Asier Sasieta, Gipuzkoako Eskola Txikien Gurasoen Koordinakundeko lehendakariak esan zuenez, “komunitate hau osatzen dugun herritar zein auzokideak, festa giroan elkartuko gara ekainaren 16ko jaian, eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatzeko”. Leloa ezaguna da jadanik: Eskola Txikiak Bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik.

Kristina Rodriguez Adunako alkateak ere babesa eman die:  “Gure seme-alabek euskaraz ikasi eta bizitzeko lagungarri izateaz gain, gure baloreak generazioz generazio transmititzeko ezinbestekoak direlako. Eskola txikiekin Herri txikiak bizirik mantentzen ditugu eta etorkizuna ere bermatzen dugu, gure nortasunari eutsiz”. 

Irati Manzisidor Urbieta irakasleen koordinatzaileak horixe azpimarratu duere bai: “Eskola Txikiok landa eremuko herri eta auzo txikietako eskola publiko eta euskaldunak gara. Hezkuntza ikuspegi bat partekatzen dugu eta hori egikaritzeko lanean dihardugu”.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Adunako Basopeta guraso elkarteko kide den Lorea Iñigok zehaztu ditufestaren nondik norakoak. “Gure herriaren ikur diren zenbait eragilek” ere egitarauan tokia izango dutela esan du: sagardogileak, alegia. Sagarraren ibilbidea egiteko aukera izango da egun osoan zehar, tartean 11:30etik 12:30era bitartean, bisita gidatuaren bidez. 

Beste aldetik, Zirkuolak, Adunan dagoen arte eszenikoen lantegiak, gunea izango du Elordi plazan, eta urte osoan zehar herriko zein Euskal Herri osoko txokoetatik etorritako haur, gaztetxo zein helduekin egiten duen lanketa probatzeko aukera izango dute gune horretara gerturatzen diren guztiek. 

Programari helduz, goizeko 10:30ean hasiko da festa, harrera ekitaldiarekin. Ekintza gehiago izango dira ere: txiki zumba, puzgarriak, ur-jolasak, txiki txokoa, tailerrak umeentzat, pottokak… 13:00etatik 14:00etara bitartean izango dira sagarraren ekitaldia eta lekuko-aldaketa. 

Bazkaria eta bingo musikatua izango dira ondoren, goizean hasitako ekintzen jarraipena arratsaldean zehar eta, festari amaiera emateko, bukaerako ekitaldia: Porrotx eta Marimototsen emanaldia. 

Trafikoari dagokionez, aparkalekuak jarriko dira Adunako industriaguneetan, eta goizeko 10:00etatik 19:30era bitartean doako autobus-zerbitzua egongo da bertatik herriko plazara. 

“Inurriak bezala” 1976tik

Adunako eskolako zuzendariak, Itsaso Novalek, herriko ikastetxearen historiaren errepasoa egin du: “Ibilbide luze horretan eskola udaletxe azpian egoten zen, entziklopedia batetik ikasten zuten ikasleetatik hasita, erderaz ikasi eta irakasten zenetik, orain gauden egoerara iritsi arte”. 

1976-1977n hasi zen euskarazko irakaskuntza zeuden baliabide gutxirekin, eta “inurriak bezala, garatuz joan da denborarekin”, esan zuen Novalek. 

1995ean eskola aldatu zen, orain dagoen tokian eraikiz. “Erabat euskaraz”, irakasale gehiagorekin eta lehen espezialistekin, nahiz eta oraindik bi gela baino ez zeuden eta jangelarik ere ez zegoen. Hau 2001ean ireki zen 7-9 umeekin, bai jangelak eta siesta egiteko aukerak herriari asko lagundu zion, herria bizirik mantenduz, hemen geratzeko aukera ematen zuen, eskolak lan hau egiten baitu”, azaldu du zuzendariak.