Gipuzkoan miru gorriaren habia gehienak pinudietan daudenez, 2016an, espeziearen kontserbazioa eta baso-ustiapena bateragarri egiteko protokolo bat aktibatzea erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Orain, basoen kudeaketa eta mehatxatuta dagoen miru gorria (Milvus milvus) harrapariaren babesa uztartzeko prestatutako protokolo hori, “kontserbazioaren adibide” bikaina dela aipatu du ‘Journal of Raptor Research’ aldizkari zientifiko entzutetsuak.

838 ale

Foru erakundeak ohar batean aipatu duenez, urte hartatik aurrera, baso-jaberen batek pinudi bat mozteko eskaera erregistratzen duen bakoitzean, abian jartzen da protokoloa, miru gorriren habiarik ba ote dagoen ikertuz. Kontuan izatekoa da Gipuzkoan espezie horretako 838 ale negutar ditugula.

Habiarik aurkitzen ez bada, mozketa baimendu egiten da, baina habiaren bat aurkituz gero, galarazi egiten da mozketa martxotik uztailera bitartean burutzea, ugalketa-aldian hegaztiei eragozpenik ez eragiteko, errunaldia oztopatuz edota txitak abandonatu ez ditzaten.

Arbolarik ez da mozten habiaren inguruan

Abuztutik aurrera mozketarako baimena ematen da, baina habiaren inguruko hogei bat zuhaitz moztu gabe uzten dira, espezie horrek urtez urte berrerabiltzeko ohitura izaten duelako.

Konpentsazio modura, jabeek kalte-ordaina jasotzen dute, mozketa epe jakin batean mugatzeagatik, bai eta moztu gabeko zuhaitzengatik ere.

Jardunbide horren emaitzak “oso positiboak” izan dira: protokoloari esker, 23 habi kontserbatu eta 37 txita salbatu dira orain arte; bestalde, jabeei 64.638 euroko konpentsazio ekonomikoak luzatu zaizkie.

Arriskua

Aldundiaren oharrean azpimarratzen denez, arriskuan dauden espezieetan, - miru gorria, esate baterako-, ugalketa-parametroen hamarren gutxiko beherakadak eragin demografiko handia izan dezake haien populazioetan.

Miru gorria nekazaritzako eta abeltzaintzako sistema irekiei lotutako hegazti harraparia da; Gipuzkoaren kasuan, landazabaletan bizi ohi da, habia basoetan egiten badu ere. 60 eta 65 zentimetro arteko luzera izaten du, 140 eta 170 zentimetro arteko hegal-tamaina, eta erraz antzeman daiteke oso forma urkilatuko isatsa duelako.

Europako hegoaldeko populazioak kontserbazio-egoera larrian daude, eta Espainiaren eta Euskadiren kasuan “desagertzeko arriskuan” izendapena jaso dute.

Iberiar penintsulan populazioak gora egiten du neguan, Europako erdialdean bizi diren eta negua klima leunagoa duten lekuetan pasa nahi izaten duten miru gorri gehienak bertara etortzen direlako.

Negua

Hotzaldi horretan, aleak baso jakin batzuetan biltzen dira gaua igaro-tzeko, eta, hain zuzen ere, etzaleku horietan egiten dira populazio-zentsuak.

Joan den neguan egindakoaren arabera, Gipuzkoan 838 gizabanako zenbatu ziren 32 etzalekutan, igoera “oso aipagarria” aurreko urteko 432rekin alderatuta; azpimarra-tzekoa da, ale batzuen markaketari esker, gaua igarotzeko leku berriak aurkitu ahal izan direla.

Lurralde Oreka Berdeko foru diputatu Xabier Arrutiren ustez, “albiste bikaina da, Raptor Research Foundation (RRF) ornitologia-elkarte ospetsuak argitaratutako aldizkari horrek, Gipuzkoa kontserbazio-eredu dela aipatzea “.

Arrutik gogora ekarri nahi izan du, 1996an sortutako RRF, irabazi-asmorik gabeko harraparien ikertzaile eta kontserbazionisten elkarte profesional handiena eta entzutetsuena dela mundu osoan.

Diputatuak zehaztu duenez, “Protokolo horrek ezin hobeto islatzen du Gipuzkoa orekatu baten alde egiten ari garen apustua; kasu honetan, basogintza gure faunaren zaintzarekin eta oreka ekonomiko, sozial eta ingurumenekoarekin bateragarri eginez”.