25 eta 29 urte bitarteko 4.371 pertsonak eskatu dute, hilabeteko epean, gazteen emantzipazioa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren Emantzipa Programaren laguntza berria. Prestazio horrekin hilean 300 euroko jasotzen dira, 24 hilabetez gehienez, betiere etxebizitza libre baten alokairu-, hipoteka- edo mailegu pertsonal-gastua egiaztatzen bada.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu zituen atzo Gobernu Kontseiluan aurkeztutako eskaerei buruzko datu nagusiak, eta Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialeko eta Agenda 2030eko idazkari nagusiak eman du horren berri.

4.371 eskaera

Bere esanetan, otsailaren 20an eskaera egiteko epea ireki zenetik, 4.371 eskaera aurkeztu dira guztira. Horietatik, eskatzaileen %52,2 Bizkaikoak dira, %33,7 Gipuzkoakoak eta %14,1 Arabakoak.

Eskatzaileen %60,9 emakumeak dira eta %39,1 gizonezkoak. “Datu hori bat dator azken hamarkadan emakumeen emantzipazio-tasan ikusten den hamar puntuko aldearekin” nabarmendu du.

Aurkeztutako eskabide guztietatik ondorioztatzen denez, emantzipatu diren edo egitekotan diren eskatzaileen %71,9k alokairuan egingo dute, eta gainerako %28,1ek etxebizitza erosteko asmoa adierazi dute.

Eskari gehien non

Udalerriei erreparatuz, emantzipatzekoak diren gazteen 1.075 eskaera Bilbokoak dira, 548 Donostiakoak, 515 Gasteizkoak, 182 Barakaldokoak eta 118 Getxokoak.

Emantzipa beste prestazio batzuekin bateragarria dela gogoratu du Fernandezek, eskura dituzten datuen arabera gazte eskatzaileen % 60,9k ez dutelako emantzipazioa errazteko bestelako laguntzarik jasotzen. Beste laguntza batzuen onuradunen artean, alokairuan emantzipatzen diren pertsonen %47,5 Gaztelagun programaren onuradun ere badira.

Telematikoki

Eskariak aurkezteko moduari dagokionez, eskabideen %94,4 telematikoki aurkeztu dira, eta aurrez aurre, berriz, %5,6.

Azkenik, eskatzaileek batez beste 19.000 euroko diru-sarrerak dituzte; zehazki, salerosketan emantzipatzen direnek 21.000 euroko diru-sarrera onartu dute batez beste, eta alokairuan emantzipatzen direnek urteko 19.000 euroko diru-sarrera.

“Orain arte lortutako erantzuna oso positiboa da, eta bat dator egindako aurreikuspenekin. Diseinatutako aplikazioa eta kudeaketa-prozedura modu egokian funtzionatzen ari dira”, azpimarratu zuen Fernandezek.

Gazte bat pisu bila EFE

Bere esanetan, “baldintzak betez gero laguntza jaso dezaketen kolektiboak jada emantzipatuta daudenak dira, eta, beraz, horiek lehen egunetik egin zezaketen eskaera, eta, ziurrenik, gehienek lehen egunetan egingo zuten; eta, bestetik, laguntza hori kontuan hartuta, emantzipatzeko aukera plantea dezaketen pertsonak leudeke”.

“Bigarren multzo horrek denbora gehiago beharko du eskaera aurkezteko, baina urtean zehar 15.000 eskaera jasotzeko aurreikuspena genuen, eta gaur arteko datuak aurreikuspen horrekin bat datozela iruditzen zaigu”, esan zuen.