Euskararen aldeko Korrika Baionan agurtu da igande honetan festa borobil batekin. Lapurdiko hiriburua kalera irten da, ohiko aldarrikapenak bere eginez: Hemen gaude euskararen alde, Euskara hizkuntza ofiziala eta Euskal Herrian euskaraz oihukatuz.

12:30ak jota zirela eman zaio hasiera Korrikaren amaierako ekitaldiari Askatasuna plazan. Aurtengo edizioan, Azterketak Euskaraz taldea omendu nahi izan dute, Frantziako hizkuntza-lege murriztaileei aurre eginez Baxoa eta Brebeta azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duten gazteek osatu duten mugimendua. Azken erreleboetako batean Azterketak euskaraz oihukatzen ari zirela, lekukoa Kontseiluari eta Euskal Konfederazioari pasa ondoren, AEK-k jaso du lekukoa, euskararen aldeko ibilbideari amaiera emateko, Garazi Arrula idazle eta itzultzaile nafarrak eskuan hartu duelarik.

Korrikaren azken kilometroa Baionan

Korrikaren azken kilometroa Baionan Iker Azurmendi

Gaurkoan euskararen hiriburu bilakatu den Baionara lekukoa iristean, eguzkiak berak ere lagundu egin nahi izan du, Korrikaren aurtengo edizioa agurtzerakoan. Parte hartzaileen aldetik inoizko arrakastatsuena izan da, 2.800 errelebotik gora eman, eta hamar gau eta egunez Euskal Herriko haranak, herriak eta hiriak zeharkatu dituelarik.

Mezua

Arrula bera izan da, emozioz blai, lekukoan ezkutatutako mezu sekretua irakurri duena. Emozio nagusi izan da agertokiaren gainean, batik bat Askatasuna plazan Arrularen sinbolismoz betetako hitzak entzun direnean. Bere esanetan, lehenik eta behin, “euskara ez da inposaketa bat, eskubidea baizik”.

Tafallako idazleak eta Iparraldeko AEK-ko ordezkari Maider Hegik eta Bixente Claveriek, argi utzi nahi izan dute “hizkuntza politikak eragina izan behar duela gizartearen esparru guztietan”, eta horretarako erakundeen inplikazio irmo eta argia behar dela.

“Arrainak ura behar duen bezalaxe behar du euskarak ekosistema oso bat “, azpimarratu du Tafallako idazleak. “Ez altxorrik, ez monumenturik, ez toponimiarik. Euskarak nagusitasun hegemonikoa lortzeaz ari gara”, aldarrikatu du, “kontingentzia-planak baino, benetako trantsizio bat behar dugula” esanez.

Inor izatearen eta bagarenaren aitormena. Horixe baita euskara” azpimarratu du Arrulak; “ez da paper ederrez bildutako oparia, ez soinean ipinitako txapa bat, edota inposaketarik, konpromisoa baizik, gure etorkizunean behar duen lekua eman diezaiogun”.

AEK-ko arduradunak ere argudio horien bueltan jardun dira; eskerrak eman dituzte edizio honetan lortutako parte-hartze masiboagatik, eta animoak eta babesa eskaini dizkiete Iparraldeko ikasleei, azterketak euskaraz egin ahal izateko daramaten borrokan.

Gora Korrika, Gora AEK eta Gora Euskara. Hitz horiekin agurtu dira Hegi eta Claverie agertokitik, festari bide emateko. Milaka lagun ibili arratsalde osoan, Baionan prestatutako hainbat agertokitan.

Bi urte baino dituzte aurrean hurrengo Korrika prestatzeko, eta 2024koak zer eman duen ikusita, ez harritu hurrengoak ere euskararen aldeko marka guztiak haustea.

47

Korrikaren azken kilometroak, Baionan