Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 20 Erakunde Laguntzaile berri aintzatetsi dituzte gaur Gasteizen egin den “Soldata-berdintasunarekin konprometitutako enpresak” jardunaldian. Otsailaren 22an ospatuko den Soldata Berdintasunaren Europako Egunaren testuinguruan antolatutako topaketa.

Aintzatespen berri horiekin, 150 euskal enpresak lortu dute jada beren erakundeetan berdintasuna sustatzeko konpromisoari balioa ematen dion bereizgarri hori. “Erakunde laguntzailearen figurak aukera ematen die enpresei sektoreko beste enpresa batzuetatik bereizteko, berdintasunaren sustapenean erreferente izateko, pertsonen kudeaketa hobetzeko eta zerbitzu hobea emateko”, adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.

Zigilu hori lortzeko, enpresek diagnostiko bat, berdintasunerako plan bat eta sexu jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokolo bat aurkeztu behar dituzte, eta, horrez gain, berdintasunean egindako ibilbidea egiaztatu behar dute. Egiaztatutako erakundeen ia erdiak (74) Bai Sarea Berdintasunaren aldeko Enpresen Sarekoak dira. Sareko hiru erakundek (Bizkaia Bahía Gas, Satse eta Zubizarreta) soldata arrakala murrizteko egin duten lana partekatu dute, ordainsari berdintasunean aurrera egiteko dituzten tresnak azalduz.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azpimarratu du gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldea, urteekin murriztu bada ere, 5.622 eurokoa dela. “Gizonek, batez beste, 33.706 euro kobratzen dituzte urtean Euskadin, eta emakumeek, 28.084 euro. Zalantzarik gabe, arrakala murrizteak esparru askotatik lan egitea behar du, eta hor funtsezkoa da enpresek beren erakundeetan berdintasunaren egoera diagnostikatzeko eta esparru horretan aurrera egiten saiatzeko duten erantzukizuna ”. Enpresei zuzendu zaie: “Berdintasunak zuen konpromisoa behar du, enpresa-munduaren konpromisoa. Eta enpresa-munduak ere berdintasunaren bultzada behar du. Berdintasuna beharrezkoa delako, ez bakarrik justizia sozialagatik, baita errendimendua, kalitatea eta talentuaren aprobetxamendua hobetzeagatik ere... ”.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak enpresetan berdintasuna sartzearen garrantzia azpimarratu du, “justizia sozialeko gai gisa, gizarte osoarentzako onura dakarrena, hazkunde ekonomikoari, produktibitatearen igoerari eta familia, bizitza pertsonala eta lana modu arduratsuan uztartzeari laguntzen baitio”.

Elgarrestak gogorarazi du Gobernu Kontseiluak aste honetan onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiaren helburuetako bat soldata-arrakala murriztea dela. Eta Eusko Jaurlaritzak tresna garrantzitsu bat duela, Soldata Berdintasunerako Estrategia, Emakundek koordinatzen duena eta Jaurlaritzako 9 sailek ere parte hartzen dutena. “Soldata-arraila murriztea lehentasunezko helburua da, eta lan koordinatua egin behar da Jaurlaritzaren jardun-arloen artean”, nabarmendu du.

Une honetan, Berdintasunerako estrategiaren barruan 2022-2025 Ekintza Plana egiten da, eta haren ekintzak lau ardatzetan jasotzen dira: soldata/orduko desberdintasuna murriztea, lanaldiari dagokionez desberdintasuna murriztea, hezkuntza eta sentsibilizazio soziala eta enpresa eta sindikatu sentsibilizazioa.

Aintzatetsitako enpresak

Gaurko 20 enpresekin, Emakundek 150 enpresa aitortu ditu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa. Hauek izan dira gaur aitortutakoak: Serikat Consultoría e Informática, Leartibai Fundazioa, Suspertu, Irsearaba, Industrias Técnicas de la Espuma, BC3 Basque Centre for Climate Change Elkartea, Union Federación Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuna (EKFB/UFDV), Izangai Elkartea, Gautena, Aurrerantz, Jaizubia, Bidasoa-Bidasoako garapen agentzia, Urrats euskaltegia, Goitu Eraikuntzak, La Pau, Neiker, Avanza Durangaldea, Ulma Packaging, Ingartek Consulting eta Seguros Lagun Aro.