Idurre Eskisabel: "Deialditik sei hilabete pasa diren arren, arrazoiak areagotu egin zaizkigu"
Zeintzu dira arrazoiak datorren larunbatean Bilboko manifestaldira joateko?
–Deialdia maiatzaren 10ean iragarri genuen. Ordurako oso kezkatuta geunden gertatzen ari zenarekin, nolabait aurreikusten genituelako beste gauza batzuk eta uste genuelako baita ere egin behar zela beste eragile batzuekin lanketa bat, hilabete batzuetan hau guztia azaltzeko eta nolabait arazoaren neurria sozializatzeko ere. Eta esango nuke, ia sei hilabete pasatu diren arren, arrazoiak areagotu egin zaizkigula.
La ofensiva judicial contra el euskera sume a los ayuntamientos en una "inseguridad jurídica total"
Oldarraldi judiziala dela diozue.
–Horrela aipatzen genuen orduan, ikusten ari ginelako epai sorta bat, bai autonomia erkidegoan baina baita ere Nafarroan noranzko berean egindakoak, eta handitu egin zaigu, ze oldarraldi judizial horren neurria ere denbora honetan handitu egin delako. Batetik hor daukagu Udal Legearen kontrako sententzia, hizkuntz politikekin zerikusia daukan 6.2 artikulua partzialki baliogabetu zuena uztailean, nolabait Udalei euskaraz funtzionatzeko aukera zabaltzen zien artikulua edo baliabideak indargabetu zituena. Eta bestetik, Udal Legearen garapenerako dekretuaren gaineko azken bi sententziak.
Zergatik esaten duzu larritzen doala eraso hori?
–Azkenean epai guztiek, Barakaldokoa, Uliazpikoa, Udal Legea… ematen du koxkak igotzen joan direla. Etengabe egiten dena da euskararen normalizaziorako politika publikoa bideratzen dituzten arauetan jartzen diren neurriak baliogabetu; eta ondorioz, euskararen normalizazioa oztopatzen ari dira. Edo beste era batera esanda, botere judiziala ari da hizkuntza politika egiten, legebiltzarren edo jaurlaritzaren ordez.
"Uste dugu manifestazioa arrakastatsua izango dela: milaka herritarren hizkuntz eskubideen bermea dagoela jokoan"
Nola eragiten die horrek guztiak herritarrengan?
–Euskararen normalizazioa oztopatzeak esan nahi du milaka herritarren hizkuntz eskubideen urraketarekin jarraitzea dakarrela eta horrek herritar horietako bakoitza kaltetzen du eta horrenbestez, kon-tzeptu moduan, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza kaltetzen ditu. Horren guztiaren alde egitea ere bada manifestazioa hau.
Arrazoi asko daude beraz...
–Esan eta esan ari gara baita ere, oldarraldi judiziala ezin dela ulerte bere aldaera politikoa eta mediatikoa gabe. Behar duela honek guztiak zoru edo logika diskurtsibo bat. Eta ikusten ari gara, bereziki azken boladan indar handiz, espainieraren ikuspegi supremazista bat erakusten duten adierazpen eta jokabideak indartzen ari direla. Gazteleraren logika supremazista horretatik eraikitzen ari da hau guztia. Horixe guztia kontuan hartuta, uste dugu dela inportantea arazoaren 4ean Bilbon egotea, gainera kontuan izan behar da, baita ere, euskarak eta euskal hiztunok, gaur egungo munduaren kontestuan dauzkagun erronkak: globalizazioaren egungo aldaerak, bizitzaren digitalizazioa, gertatzen ari diren aldaketa azeleratu guzti hauek euskararen egoeran, hizkuntza minorizatua den heinean, badute eragina, hiztunon bizimodu, jarrera eta praktiketan.
"Ikusten ari gara espainieraren ikuspegi supremazista bat erakusten duten adierazpen eta jokabideak indartzen ari direla"
Zer gehiago egin daiteke?
–Gure diagnostikoa da hizkuntza politiken indartze bat behar dela, jauzi bat emateko garaia iritsi dela, bestelako hizkuntza politikak behar direla, gaur egungo kontestuan euskararen normalizazioan aurrera egiten segitzeko eta euskal hiztunon etorkizuna bermatzeko. Eta juxtu, ikusten dugunean oraingo tresneria hori, duela 40 urte eraikia dena, kamustuta dagoela eta tresna berriak behar dituela. Beraz, uste dugu euskararen normalizazioan aurrera egitea dagoela jokoan, milaka herritarren hizkuntz eskubideen bermea dagoela jokoan.
Zer espero duzue larunbatean?
–Zaila da horrelako kalkulu bat egitea, baina bai sentitzen dugu, hainbat sektoretan behintzat, larritasun horren konzientzia hartu dela. Esate baterako, gehiengo sindikalak dudarik gabe bat egitea azaroaren 4koarekin, baina beste eragile askoren babesa ere jaso dugu. Indar politikoen aldetik ere ari gara ikusten herri askotan, EH Bildu eta EAJ zentralki eta Elkarrekin Podemos tarteka-tarteka mozioetan alde egiten ari direla. Baina batez ere aspektu sozialean harrera beroa eta larritasun horren konpartitzea sentitu dugu eta ondorioz espero dugu arrakastatsua izatea. Eta baita ere hizkuntza berdintasunean eta aniztasunean sinisten duten herritar guztiak aurrera begira jartzeko inflexio puntu bat izatea, benetan berriro ere minorizatua den hizkuntza honi, euskarari, eta minorizatuak garen euskaldunoi, etorkizun oparoa ematen segitzeko.