2023ko Bero Plana aktibatu du dagoeneko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, hilabeterik beroenetan (ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean) gehiegizko tenperaturak herritarren osasunean duen eragina murrizteko gomendioak zabalduz, eta arreta berezia eskainiz egoera ahulenean dauden kolektiboei.
Aurreko urteetan bezala, Euskalmetek eta Osalanek ere modu aktiboan parte hartzen duten egitasmo horretan, arreta berezia eskaintzen zaio biztanleria zaurgarrienari, alegia, adinekoei, 4 urtetik beherakoei, haurdun dauden emakumeei eta bularra ematen ari direnei, gaixo kronikoei, autonomia mugatua duten herritarrei, baita kalean lan egin behar duten langileei ere.
Biztanleria orokorrean hartuta, planak argi adierazten du tenperatura altuen arrisku nagusiak zeintzuk diren: deshidratazioa, izerditik ur eta elektrolito gehiegi galtzearen ondorioz gertatzen dena, eta intsolazioa edo bero-kolpea, gorputzaren termoerregulazio-sistemak huts egitean, pertsona tenperaturaren bat-bateko igoerara egokitzea zailtzen duena.
Kasu horietan antzematen diren sintomak, buruko mina, nekea, zorabioak, goragalea eta sukarra izaten dira. Osasunaren gaineko eragina larriagoa bada, konbultsioak, portaera-aldaketak, kontzientziaren nahasmendua edo zorabioa ere gerta daitezke, eta horiek berebiziko premia ekar dezaketenez, horrelakoen aurrean 112 larrialdi-telefonora deitu behar da berehala.
Prebentzioz, Osasun Sailak ohiko aholkuak aipatzen ditu deshidratazioa saihesteko: ura eta likidoak maiz edatea, eta kafeina duten, alkoholdun edo oso azukretsuak diren edariak baztertzea. Entsalada, barazki eta fruta gehiago jatea ere gomendatzen du, eta janari koipetsuak saihestea.
Horiez gain, ekidin egin behar da eguzki-esposizioa eguneko ordu beroenetan, arropa arina erabili behar da eta eguzkitik babestu behar da kapelarekin, eguzkitako betaurrekoekin eta eguzki-babeslearekin; eta ez da jarduera fisiko handirik egin behar bero handieneko orduetan.
Barrualdeetan, planak azpimarra-tzen duenez, bero gutxien egiten duten uneak aprobetxatu behar dira gelak aireztatzeko eta freskatzeko, eta leihoak eta pertsianak itxita eduki behar dira, berriz, tenperatura altuak daudenean. Bero handia nabarituz gero, gorputza urarekin freskatzea komeni da, batez ere aurpegia eta eskuak.
Osasun Sailak deialdi berezia egin du inor ez dadin geratu aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, itzalpean egon arren, batez ere adingabeak, adinekoak edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak. Gomendagarria da, baita ere, bakarrik bizi diren adinekoei egunero bisita bat egitea.