Euskaraldiaren hirugarren edizioa ia bertan da. Euskararen erabilera bultzatzeko ekimena ostiralean, azaroaren 18an, abiatuko da Euskal Herria osoan eta abenduaren 2ra arte izango da martxan. Horren aurretik, ostegun honetan irekiera ekitaldiak izango dira hiriburu nagusietan; Donostiakoa Bulebarrean gauzatuko da 18:00etatik 20:etara bitartean.

Halaxe jakinarazi dute asteazken goizean Donostiako udalean jazotako agerpenean; bertan parte hartu dute Jon Insaustik, Kultura eta Euskara zinegotziak; Jone Lizasok, Bagerako kideak; eta hiri mailan, Euskaraldiko antolakuntzan, izan diren hainbat eragilek.

Bulebarreko ekitaldia “Euskalraldiari hasiera elkarrekin emateko aukera” dela azpimarratu dute udaletik. Bertan, hiritarrek hainbat kultura emanaldiz gozatzeko aukera izango dute: 18:00etan, musika eta dantza saioa izango da, Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eskutik; 19:00etan, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen umore saioa izango da; eta 19:40etan, Mugan musika taldearen musika entzungo da.

Horrez gain, Euskaraldiari espreski dagokionez, 19:25ean ekimenaren mezua irakurriko dute Tanya de la Cruzek, Iñaki Salvadorrek eta Sua Enparantzak; 19:30etan, berriz, txapa janzte bateratua gauzatuko dute bertara gerturatuko diren donostiar eta gainerako gipuzkoarrek.

Euskaraldiaren antolakuntzako eta euskal gizarteko ahinbat kirol eta kultura eragilek ekimenaren aurkezpenean parte hartu zuten, pasa den astean, Donostiako San Telmo Museoan Ruben Plaza

Irekiera ekitaldia ostegun arratsaldean bada ere, aurretik, goizeko 10:00etatik 13:00etara, hiru mintzodromo ezarriko dira, Donostiako euskaltegietako ikasleek euskaraz jardun dezaten.

Euskaraldiari hasiera eman ostean, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean 180 ekitalditan parte hartzeko aukera izango dute donostiarrek, 15 auzotan zehar; antzerkiak, liburu irakurketak, bertso saioak, zinema emanaldiak, kontzertuak, euskarari buruzko solasaldiak, pailazoak eta bisita gidatuak izango dira, besteak beste. 65 eragileri esker izan da posible auzoetako egitaraua antolatzea; informazioa www.donostiaeuskaraz.eus web orrian kontsultatu daiteke.

Euskaraldia euskararen aldeko kanpaina bat ez eta “ariketa sozial bat” dela gogorarazi du Insaustik eta “ariketan jende askok” parte hartzearen garrantzia ere azpimarratu du.

Oraindik ekimenean izena eman ez duten herritarrek inskribatzeko aukera badute; bai izenematea.euskaraldia.eus webgunean, baita, Donostiara gerturatuz gero, Bulebarrean bihar eta etzi izango den karpan. Bertan, txapak ere izango dira eskuragarri.