Norbera programak atzo jakinarazi zuenez, laguntza eskatzen duten 12 urteko haurren kopuruak nabarmen gora egin omen du. Besteak beste droga-arazoak, jarrera bortitzak eta eskola-zailtasunak dituzten 13 eta 17 urte bitarteko nerabeak eta euren familiak artatzen ditu erakundeak.

Izaskun Sasieta, Norbera bultzatu duen Gipuzkoar elizbarrutiaren Izan Fundazioko programa zuzendariak, eta María Cillero zuzendari teknikoak prentsaurrekoa eskaini zuten ekimen horren sorreraren 25. urtemuga dela eta. Guztira 2.532 nerabek eta 3.192 senidek parte hartu dute hasi zirenetik.

Cillerok aipatu zuenez, azken urteotan “aldaketa nabarmena” sumatu omen dute arazoak hasteko adinean; izan ere, hasiera batean, batez ere 14 eta 17 urte bitarteko nerabeei eskaini behar izaten zi-tzaien arreta, baina gero eta eskaera gehiago jasotzen omen dituzte 12 urteko haurren jokabide arrisku-tsuekin lotuta. “Une honetan adin horretako bi kasu artatzen ari gara”, azaldu zuen Cerratok.

Norbera egitasmoak luzatutako datuen arabera, goranzko joera hori 13 urteko nerabeetan ere antzematen da: 2013 eta 2017 artean, nerabe guztien %8,39 ziren, eta 2018 eta 2022 artean, %11,93.

Haur horien problematika honako hauetan oinarritzen da batez ere: zailtasun akademikoak, motibazio falta, eskola-absentismoa, irakasleekin edo autoritate-figurekin arazoak, eta horiek guztiek kezka sor-tzen du gurasoengan, eztabaidak eta “giro arraroa familietan”, eurak izaten direlarik normalean laguntza eskatzen dutenak.

Pandemiak eragindako arazoen goranzko joera “oso kezkagarria” dela azpimarratu zuten Norberako arduradunek; hala nola antsietate-nahasmenduak, autolesioak, bultzada-fobiak, isolamendua eta depresioa.

Goranzko joera horren ondorioz laguntza eskatzen duten nerabeen kopurua nabarmen igo denez, “mugak” jarri behar izan dituzte eta “itxarote-zerrendak” ezarri.

Bien bitartean, terapeutek hilean behin jarduten dute nerabeen senideekin, arreta jasotzeko lekurik egon arte. “Gazte bat guregana etortzen denean, behar adina denbora eskaintzea gustatzen zaigu, baina terapeuta bakoitzak ratio bat duenez, bat programatik irten arte ezin da beste bat sartu”, azaldu zuen.

Sasietak azaldu zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango omen dute, lurralde osoko gazteak artatzen dituztelako, baita ikastetxeetatik etorritakoak ere; guztiak Donostiako instalazioetara etortzen dira premiazko laguntza jasotzera.

Nerabeen profilari dagokionez, %67,8 mutilak dira eta %32,2 neskak. Cillerok azaldu zuenez, terapeutek artatzen dituzten familiartekoen %51,4 emakumeak omen dira, eta guraso dibortziatuen kopurua gero eta handiagoa dela ere aipatu zuen (1998-2002 bitartean %29 izatetik 208-2022 aldian %45,55 izatera). Horrek espezialisten lan-karga handitzea ekarri du, batzuetan guraso bakoitza aparte tratatu behar izaten dutelako.

25. urteurrena ospatzeko, Nerabe izatearen abentura izeneko mintegia egingo du Norberak urriaren 21ean. Bertan, nerabezaroko garun-garapenari, eskola-motibazioari eta gazte horien esku-hartzearen gakoei buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte psikologia eta psikiatriako hainbat adituk.