Egun gutxi falta dira Kilometroak 2025 ospatzeko, eta Elgoibar Ikastolak, bere sare sozialen bidez, jendaurrean aurkeztu du urriaren 5ean egingo den jaiaren egitarau zabala.

Hiru gune eta bi azpigune

Antolatzaileek adierazi dutenez, adin eta gustu guztietako jendeari zuzendutako egitaraua prestatu dute, eta azken urteetako eredua jarraituz, jaia ez da ibilbide batean oinarrituko, baizik eta herriko gune ezberdinetan banatuko da.

Hiru izango dira Kilometroak 2025eko eguneko gune nagusiak: Ikastolaren gunea, Euskararen komunitatea izenarekin ezagutuko dena; Aita Agirre plaza, Euskararen herria izenpean; eta Kalegoen plaza, Konpromisoa salto euskarara izenekoa.

Horiez gain, Bernardo Ezenarro kalea eta Maala plaza ere jaiaren azpigune gisa antolatu dituzte, jarduera espezifikoekin.

Ekitaldi ugari

Jai-egunari hasiera goizeko 09.00etan emango zaio, Ikastolako txarangak kaleetan egingo duen dianarekin.

Ondoren, 10.00etan, Ikastolan bertan egingo da irekiera ekitaldi ofiziala, festa giroa ofizialki abiatuz.

Musikak protagonismo berezia izango du aurten ere, eta egunean zehar emanaldi ugari izango dira Elgoibarko gune ezberdinetan.

Musikaren protagonismoa

Hauek dira Ikastolaren gunean arituko diren taldeak: Ene Kantak (11.00–12.00), Asgarth (12.30-13.45), Xaribari (14.15–15.00), Go!azen (15.30-17.00) eta Kittu! (17.15-17.45).

Bernardo Ezenarro kalean ere musika eta giro ederra izango dira protagonista. Goizeko 11.00etan Eingo Taldea arituko, eta ondoren, 13.15etik 14.30era, Mauxitxa Txaranga kaleetan zehar arituko da. Arratsaldean, 15.00etan, Erbuze konpartsaren txanda izango da, eta jarraian, 15.30etik 17.15era, festa giroa bermatuko du Patxangoi elektrotxarangak. Jardunaldia borobiltzeko, Kittu! taldeak berriro joko du, kasu honetan 17.45etik 18.00etara bitartean.

Aita Agirre

Aita Agirre plazan ere ez da musikazalearentzat aspertzeko tarterik izango.

Goizeko 11.00etan Kitziki arituko da, eta ondoren, Txoteko Ezpata taldeak hartuko du lekukoa (12.15–13.00).

Eguerdi partean, 13.30etik 14.30era, Heitxi taldearen doinuak izango dira entzungai, eta 14.30ean Erbuze konpartsa berriro agertuko da. Ondoren, 15.00etatik 16.15era Ehun Kilo taldeak joko du, eta arratsaldeko 16.45etik 18.00etara, Janus Lester igoko da oholtzara. Gune honetan ere, Kittu! taldeak agertokia zapalduko du eguna ixteko.

Kalegoen

Kalegoen plazan, berriz, euskararekiko konpromisoa eta festa uztartuko dira musika bidez. Bertan izango dira Malko (12.30–13.30), jarraian Itzal Erromeria (14.00–15.30), eta arratsaldean, Bengo (16.00–17.00) eta Trikidantz (17.30–19.00), oholtza gainean festa eta energia bizia ekarriz.

Beste ikuskizunek ere bizitasuna emango diote egunari. Joaldunak, bertsolariak, erraldoiak, magoak eta txarangak herriko hainbat toki ezberdineta arituko dira, giro alaia eta parte-hartzailea sustatuz.

Umeentzako egitaraua

Umeentzako jarduerak ez dira gutxi izango. Egun osoan zehar puzgarrietan ibiltzeko aukera izango dute, Kaiku baserria txokoan baserri mundua gertutik ezagutu ahal izango dute, eta Argitxo txokoan jolasak eta jarduera desberdinak izango dira haientzat prestatuta. 

Jan-edanaz ere gozatu ahal izango da, eta bazkari nagusia Ikastolako frontoian egingo da. Bestetik, Eusko Labelek bere postua jarriko du Bernardo Ezenarro kalean, eta bertan artisau azoka ere izango da ikusgai.

Boluntarioak

Azkenik, Elgoibar Ikastolak gogorarazi du jaiaren antolakuntzan lagunduko duten boluntarioak behar direla oraindik. Horretarako, interesa duten herritarrei on-line jarritako galdetegia betetzeko eskatu diete, festa handi hau posible egiteko ezinbestekoa baita herritarren inplikazioa.