Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinak Elbira Zipitria irakasle eta euskaltzale aitzindariari espazio propioa eman dio. Izan ere, bere omenez eginiko eskultura jauregiko ohorezko patioan baitago ostegun honez geroztik; pieza bertan kokatzekoak zirela aprobetxatuz, Aldundiak omenaldia ere eskaini dio, Zipitriaren lankide eta ikasle izandako 50 lagun bertaratu direlarik.

Ekitaldian Markel Olano diputatu nagusiak eta Zipitriaren lankide izandako Kontxita Beitia eta Mari Karmen Mitxelena irakasleek parte hartu dute, eta beste hainbat ordezkari politiko ere izan dira ekitaldiaren lekuko; Aldunditik, Eider Mendoza, Jose Ignacio Asensio, Aintzane Oiarbide, Rafaela Romero, Jabier Larrañaga, Harkaitz Millan eta Jokin Perona diputatuak eta, Gipuzkoako Batzar Nagusietatik, Xabier Ezeizabarrena presidentea, besteak beste.

Lourdes Umerez artista azkoitiarrak sortutako Zipitriaren brontzezko eskultura, patio nagusiko erdigunean egongo da hemendik aurrera, lehendik Elkano, Urdaneta, Zuazola, Larramendi eta antzerako pertsonaia esanguratsuak goraipatzen ziren espazio berean. Gainera, aretoan bada testu bat marmolean idatzitakoa, eta hitz horiek, “aditu batzuek” Orixeri egokitu izan dizkiote, Olanok aipatu zuen legez; eta idazleari miresmen handia omen zion Zipitriak.

Omenaldian “abertzale”, “fededun” eta “euskaltzaletzat” deskribatu dute maistra gipuzkoarra. Ikusmin haiek bultzaturik, Emakume Abertzale Batzako, EAJren garaiko emakume elkarteko kide egin zen, batetik, eta ikastolen sortzaileetako bat ere izan zen. 1943an hasi zen euskarazko hezkuntza klandestino hura eskaintzen; hasieran, hainbat etxebizitzetan, eta urte gutxiren ostean, Fermin Calbeton kalean ezarri zen.

La Diputación inaugura la escultura de Elbira Zipitria en la planta noble

La Diputación inaugura la escultura de Elbira Zipitria en la planta noble Ruben Plaza

Haren ikasle izandakoek bere alde onak eta txarrak gogoan dituzte; azken horien artean, bere izaeraren hainbat ezaugarriri lotutakoak. “Jatorra, baina nahiko zorrotza” zela esan du, 1945 eta 1947 urte bitartean bere lehenengoetako ikasle izandako Iziar Goenagak; “haurrekin dena ondo, baina jenioa zeukan”. “Pertsona bezala, oso gogorra zen, bere buruarekiko ere oso gogorra. Jende askorekin izan zituen arazoak”, baieztatu du 1954 eta 1963 bitartean haren ikasle izandako Xabier Muñozek. Izan ere, bere iritzien kontrakoak zituztenekin oso zurruna omen zen Zipitria, ostegun honetan adierazi dutenez.

Hala ere, Muñozek “andereño bezala, zoragarria” zela eta “oso pedagogia aurrerakoia” zeukala azpimarratu du, edukiak modu praktikoan irakasten zizkielako. Esate baterako, Urgull mendira igo, zuhaitzak eta hainbat animalia ikusi eta hala ikasten omen zituzten; baita geografia barneratu ere, mendi hartatik badia, ibaiak eta beste hainbat leku ikuskatuz. Gainera, beste alderdi batzuetan oso tradizionala izanik ere, ez omen zuen sexuen arteko banaketarik ezarri klaseetan, eta neska zein mutilek batera ikasi zuten Zipitriarekin.

Ikastolan pasatako urte haiek “oso atseginak” izan zirela aitortu du Xabier Garaialdek; bera izan zen Zipitriaren lehenengo ikaslea, beste haur batekin batera. ·”Nire anaiak oso ederki definitzen du etapa hura”, Garaialderen esanetan; “begira, hiru ordu egoten ginen. Hirutik bat, abesteko eta errezatzeko; beste bat jolas egiteko eta azkena ikasteko”.

Bere abertzaletasuna ere garbi adierazten zuen Zipitriak eskolak ematerakoan. 1960an, Jose Antonio Agirre lehendakaria Parisen hildakoa gertatutakoa gogoan izan zuten atzo bereziki Beitia eta Mitxelenak. Gaur gidari gabe gelditu gara; joan da gure gidaria eta ez dugu berriz inoiz aurkitu horrelako lehendakaririk, esan ziela ikasleei aipatu du Beitiak; “hori zen berak buruan zeukana, ia ezinezkoa zela bere tamainako beste lehendakari bat izatea”, azpimarratu du. Egun hartan, kutxa batean gordeta zeukan ikurrina atera omen zuen gelan, omenaldi gisa.

Eta ez hori bakarrik, hurrengo egunean Donibane Lohitzunen egingo zitzaion hiletara joatea erabaki zuen eta, Frankoren diktadurak errepideetan eta mugan zailtasun ugari ipiniko zituela aurreikusita, bezperan joan zirela aitortu du Mitxelenak. “Bidean, arazo handiak izan genituen; poliziak, sekretak, autobusetan zeuden, galdera zorrotzak egin zizkiguten, baina beno, hemen gaude”, gogoratu du.

Istorioak istorio, Aldundiko areto eta paretetan “agerikoa” zen “hutsune historiko bat” bete zela esan du Olanok eta, errekonozimenduaz gain, haren figurari ohore egiteko modua helarazi du. “Egin diezaiokegun omenaldirik onena euskararen eta Euskal Herriaren aldeko elkarlanean jardutea da. Zipitriak bere eskolan egiten zuen moduan, sexu, pentsamendu edota gizarte mailen arteko bereizketarik gabe, euskararen eta gure herriaren aldeko konpromisoa oinarri hartuta”.