Aldundiak herritarren iradokizunak jaso ditu Etorkizuna Eraikiz kapsulan. Inork ez daki etorkizuna nolakoa izango den. Gauza bakarra dago argi: denon artean eraikitzen badugu, bakoitzak bere aldetik egiten badu baino hobea izango da. Kapsula Gipuzkoako hainbat herritan egon da eta ondoren Markel Olano ahaldun nagusiak beraien herrietako bizilagunek aurkeztutako iradokizunen berri eman die alkateei.

Atzo Olano Zumarragan egon zen, Mikel Serrano alkatearekin eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarekin. Zumarragan jasotako proposamenak aztertu zituzten.

Kapsula iazko urriaren 15ean egon zen Zumarragan. Zumarragarrei 2040an Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten galdetu zitzaien eta 90 ekarpen jaso ziren. Horien artean, azpiegituren eta berdintasunaren arloari lotutako proposamenak nabarmentzen dira (%14,5 eta %13,3). Ondoren, ingurumenarekin, gizarte politikekin eta garraioarekin lotutakoak.

Kapsula 26 herritan eta lau unibertsitate campusetan egon da eta 4.000 ekarpen baino gehiago jaso dira. Guztiak kontuan hartuko dira Aldundiaren aurrekontu parte har-tzaileetan.

Etorkizuna Eraikiz 2016an jarri zen abian eta ordutik herritarrek proposatutako 125 proiekturi eman zaie laguntza.

Atzo Olanok, Asensiok eta Serranok Zumarragan izan zuten bileran, Zumarragako Udalak eskuartean dituen egitasmoez ere hitz egin zuten. Serranok Aldundiaren egitasmoa txalotu zuen eta Olanori azaldutako egitasmoen berri eman zuen. “Tokiko energia komunitatea handitzeko asmoa dugu. 200 bazkide inguru ditu eta 100 gehiago izango ditu. Ahaldun nagusiarekin Zumarraga eta Ezkio lotuko dituen bidegorriari buruz eta GI-632 errepidearen bulebarizazioari buruz ere hitz egin dugu. Dagoeneko igogailua eta pasabidea jarri ditugu eta bidegorria luzatu nahi dugu. Ziur Aldundiaren laguntza jasoko dugula”.