Aldaketa klimatikoari aurre egiteko bidean, ezinbestekoa da kutsadura gutxien eragiten duten garraioen alde egitea. Hori horrela, gaurtik hasita eta irailaren 22ra bitartean ospatuko den Europako Mugikortasunaren Astearekin bat egin duten Gipuzkoako udalerriek bizikletaren erabilera sustatzeko ekimen ugari jarriko dituzte martxan datozen egunotan. 

Hondarribia, Irun eta Hendaiako Udalek, esaterako, bat egin dute bigarren urtez eta mugaz gaindiko hainbat jarduera antolatu dituzte Europako Mugikortasunaren Astearen barruan. Konbinatu eta mugitu! lelopean, bizikleta protagonista izango da datozen egunotan. Txirrindaren erabilera bultzatzeko helburuarekin nagusiki bi ekintza jarriko dituzte martxan: alde batetik, Village vélo izeneko azoka (Irunen, bihar 17.00etatik 20.00etara Zabaltza plazan; Hondarribian, igandean, 11.30etik 14.30era Kasino Zaharreko lorategietan; eta Hendaian, datorren asteazkenean, irailak 21, 15.00etatik 18.00etara Gaztelu Zahar pilotalekuan). 

Bestalde, Nagusikleta, hau da, adinekoei zuzendutako bizikleta ibilaldiak antolatu dituzte. Paseoak hiru udalerrietan egingo dira datorren astelehenetik aurrera: Irunen, irailak 19an, Behobiatik Oxinbiribilera eta Santiagora bidegorriz; Hondarribian, irailaren 20an, asteartea, 16.00etatik 19.00etara, Butron pasealekutik kirol-porturantz, hondartza eta babes-portua bidegorritik; eta Hendaian, irailaren 22an, EPADHetik erlaitzera, hondartzara eta badiara bidegorriz.

Aipatutako jarduera horiez gain, ekintza gehiago antolatuko dira Bidasoa-Txingudin mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin. Irunen, esate baterako, bizikleta martxa egingo da igandean, 11.00etan, eta Zubimuxuko biribilgunea izango du abiapuntu, Hondarribian hasiko den martxarekin bat egiteko. Horrez gainera, igandean ere eta Txingudiko Zerbi-tzuek antolatuta, bigarren eskuko bizikleten azoka egingo da Zabaltza plazan.

Bestalde, gaur, Hondarribian Kepa Lizarragak bizikletari buruzko hausnarketa eskainiko du Bizikleta eta Osasuna hitzaldian. Bihar, Bizikletaren Jaialdia ospatuko da, eta igandean, berriz, familientzako bizikleta martxa egingo da hiriko kaleetan zehar. Astelehenean, Jaizkibelgo landareak ezagutzeko aukera egongo da, 16.00etatik aurrera Talaian egingo den ibilaldian.

Helduentzako ikastaroak, Pasaian

Pasaian ere bizikletak protagonismoa izango du aste honetan. Irailaren 23a bitartean, esate baterako, helduentzako bizikleta-ikastaroak eskainiko ditu Trintxerpeko Atletico klubak, Pasaiako Udalaren eskutik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Bestalde, datorren astelehenean, bizikletak konpontzeko eta apain-tzeko zerbitzua eskainiko da, doan, Gernikako plazan, 15.00etatik 21.00etara. Egun berean, bizikletaren bilakaera ezagutzeko parada izango da Gernikako plazaren inguruan antolatuko den erakusketan. Gainera, irailaren 25era bitartean bizikletak alokatzeko zerbitzua doakoa izango dela iragarri du Pasaiako Udalak. Informazio gehiago Udalaren webgunean edo bizikletak alokatzeko puntuetan. 

Gurpilgunea inauguratuko da Tolosan

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko bizikletaren erabileran jarriko du azpimarra Tolosak, Tolosaldea Garatzeneko Udal Sailak Tolosako eta Ibarrako udalekin eta Zumardia elkartearekin elkarlanean antolatutako ekitaldietan. Gauzak horrela, Gurpilgunea izeneko espazioaren irekiera izango da prestatutako egitarauaren lehen hitzordua. Datorren astelehenean inauguratuko da, 11.30etan. 

Erabiltzen ez diren bizikletak eta horien piezak berreskuratu eta norbere bizikletak konpontzeko aukera eskainiko du Tolosako Zumardi Handian kokatutako guneak. Baina hori baino gehiago ere bada: salerosketa eta elkartrukerako erreferentziazko puntu bihurtu nahi da eta, tarteka, oinarrizko mekanika ikastaroak ere eskainiko dira. Bizikletaren erabilera sustatzea ez ezik, mugikortasunari lotutako hondakinak gutxitzea eta berrerabilpena sustatzea ditu helburu Gurpilguneak.

Gurpilgunearen inaugurazioaren egunean eta baita ondorengo egunetan ere (irailak 21 eta 22an), 17.00etatik 19.00etara ateak zabalik izango ditu nahi duen orok espazioa bera eta zerbi-tzuen eskaintza bertatik bertara ezagutu dezan. 

Jai kutsua hartuko dute aldarrikapenek hilaren 23an, 17.30etatik aurrera, Bizibira Fest ekitaldiarekin. Etxeko txikienei bizikletaren erabileraz kontzientzia pizteko Tolosako eta Ibarrako hainbat puntutatik bizikleta martxa egingo da Intujai Teatroko aktoreek dinamizatuta. Abiapuntu guztiek izango dute helmuga bera, Zumardi Handiko Gurpilgunea, eta bertan, jolasak eta tailerrak egingo dira haurrentzat. Oriako Limousin Txirrindularitza Eskolak ere bizikleta gainean trebetasuna lantzeko zirkuitua jarriko du.

Irailaren 24an, berriz, bigarren eskuko azoka ospatuko da leku berean. Bizikleta eta materialen salerosketa ez ezik, bizikleta elektrikoen erakustoki bat eta Eusko Car Sharing elkartearen informazio puntu bat ere izango dira.

Haurren artean bizikletaren erabilera sustatzea izango du helburu Tolosan, hilaren 23an, ospatuko den Bizibira Fest ekimenak. Ruben Plaza

Ibilaldi osasuntsua, Eibarren

Eibarren ere Europako Mugikortasunaren Astearekin bat egingo dute, Konbinatu eta mugitu! lelopean antolatutako ekintzekin. Gaurkoan, Ibilaldi Osasuntsuaren txanda izango da. Irteera 10.00etan izango da Orbeako kiroldegitik eta 6 kilometroko ibilaldiaren ondoren, hamaiketako osasuntsu bat eta ariketa terapeutikoak egingo dira. 

Bihar, berriz, bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azoka egingo da Untzaga plazan, 10.00etik 14.00etara bitartean. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak saltzeko hitzordua eskatzeko ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea www.merkabi.eus/eibar estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da. Bestalde, goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpon-tzeko tailer bat ere izango da Eibar Klub Deportiboaren eskutik, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren.

Era berean, bihar (10.30etik 14.00etara eta 15.30etik 19.30era), eta igandean (10.30etik 14.00etara), Untzagan Gipuzkoako bizikleta-bideen sareari buruzko informazio gune bat jarriko da, non Gipuzkoako bide berdeei eta bidegorriei buruzko informazio emango den, eta bizikleta elektriko mota desberdinak probatu ahal izango dira. 

Asteari amaiera emateko, berriz, irailaren 22an Autorik Gabeko Eguna ospatuko da garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, eta Eibarko herri barruko autobus-zerbitzua (Udalbus) doan izango da. Baina hori ez da izango azkeneko ekimena, izan ere, irailaren 24ean, Nordic Walking 10 kilometroko mendi martxa egingo da 9.00etatik aurrera Untzaga plazatik, eta Ibilixan-eko ibilbide batetik zehar. Aipatu jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea 943 70 84 08 telefonora deituz, edo Eibarko Udalaren webgunean.

Autoa partekatzeko aplikazio berria

Beasaingo Udalaren eskutik, martxan dago dagoeneko ParteCar izeneko aplikazio aitzindaria, zeinaren bitartez beasaindarrek autoa partekatu ahal izango duten eguneroko joan etorrietan. Beasain izango da zerbitzu mota hau martxan jarriko duen Euskadiko lehen udalerria. Helburua da herriko ibilgailu pribatuen okupazio-tasa hobetzea eta emisioak murriztea, jakinda garraio publikoaren sareak ez duela beti aukera eraginkorrik ematen beasaindarrak beren egunerokoan lanera edo ikasketa zentroetara joan ahal izateko. 

Gainera, Beasainen badira mugikortasunaren ikuspegitik zailtasunak dituzten landa-auzo ba-tzuk, eta tresna honen bidez, beste aukera bat eskaini nahi zaie bertako biztanleei. Gastuak partekatzeko aukera eskaintzeaz gain, egunero autoa partekatzean, herritarrek murriztu egiten dute errepideko ibilgailuen kopurua eta hobetu egiten da airearen kalitatea eta ondorioz, baita pertsonen bizi kalitatea ere. Era berean, udalerrietan eta horien periferian mugikortasun jasangarria lortzen laguntzen du, eskura dauden baliabideak modu eraginkorrean erabiliz. Halaber, berotegi-efektua deiturikoa eragiten duten CO2 emisio kutsatzaileak ere murrizten dira. 

Txirrindulari txiki eguna, Zarautzen

Zarautzen txirrindulari txiki eguna ospatuko da bihar Salbide parkean, Zarauzko zikloturista elkartearekin elkarlanean. Irailaren 21ean, aldiz, 

Lege Zaharren enparantzan bizikletak konpon-tzeko tailerra egongo da eta hurrengo egunean, Kotxerik Gabeko Eguna dela eta, Zarauzko autobus urbanoa doan izango da. 

Arrasatek ere Mugikortasunaren Astearekin bat egingo du Eskolara Oinez kanpaina abiatuz. Ekimen honen bitartez, irailaren 16tik 22ra, herriko ikasle eta irakasle guztiak motordun ibilgailuak alde batera utzi eta eskolara oinez joatera animatu nahi ditu Udalak.