akoitzaren iritzia garrantzitsua dela sinestarazi digute. Eta iritzia bera inportantea bada, partekatzea are gehiago. Suzko bola bat bailitzan, ezin barrenean gorde, eta kanporatzea eskatzen digu barrenak. Ahoz, gutxitan, eskuz idatzita ez oso maiz, baina email edo pantaila atzetik, nahi baina sarriago.

Noizbait aipatu dut, agian Twitterren eraginagatik edo izango dela. Merke ez, debalde ateratzen dela barrenak hustea, eta ziur aski alderdi terapeutikoa ere izango du, komunzuloan barrenak husten ditugunean bezala. Lasaitu ederra. Aldea da tronu txurian botatakoak urak eramaten duela bizkor antzera, eta aldiz, norbaiti edo zerbaiti egindako kritikak, arrastoa uzten duela, zipriztina. Lasaitu behar horrek itsutzen ohi du igorlea.

Nahiko gertuan tokatu zait aste honetan lantalde bati egin zaion kritika. Eraikitzailea izatetik oso urrun zegoen, eta gutxi gorabehera gauzak gaizki egiten dituztela esatera zetorren. Ez da gisa horretako kritika bakarra izan ez aste honetan, ez eta hilabete honetan ere. Lantalde honek baditu ziur gauzak hobetzeko, baina interes pertsonalistetatik egindako iradokizunek ezer gutxi laguntzen dute horretan. Pertsonak gaizki sentiaraztea ez du izango lehen mailako helburutzat, baina lortu, lortu ohi dute.

Idazten duenak hau edo beste merezi duela uste du, eta hor konpon beste guztiak. Argumentarioan dantza ederrak ikus daitezke horrelako mezuetan. Ondo datorkidan informazioa nire alde erabili, eta beste guztia ahaztu, goi mailako politikariek egiten duten moduan.

McLuhanek esan zuen mezua medioa bera dela, hau da, medioak eragiten duela mezua iristeko moduan informazioak gugana iristeko duen moduan. Bere teoriari buelta bat eman eta esango nuke arestian aipatutako iritzi autopropultsatu horiek direla medioa, baina baten frustrazioa proiektatzeko medioa, horretarako mezu bat erabiliz, unean-unean ondo datorkiguna. Baten momentuko min hori besteengan zabaltzeko abilezia, finean. Tristeena da barruko kexa edo min hori lasaitu ez, eta parean antzeko oinaze edo errefusatze bat sortzen duela, egoerak tenkatuz eta puskatuz. Inorri ez dio fama onik ez lagunik ekarri bilisa jaurtitzeak. Ezta ekarriko ere.

Arazoa planteatu bakarrik ez, eta erdibideko konponbide bat ere badakarkit. Itxarotea. Barrenak kritika moduan hustea eskatzen digunean, itxaron. Eman zuen buruari ordu batzuk, egun bat, baita bi ere beharrezkoa balitz, eta aztertu egoera berriz. Larritasuna galduko du ziur, eta agian erabakiko duzue ez zela hainbesterako. %90eko eraginkortasuna bermatua du metodo honek, eta zalantza kasuan, egin kontsulta zuen farmazeutikoari. Barka, psikologoari. l