- Euskal ikastetxeetan Google Workspace for Education zerbi-tzuak erabiltzeko Hezkuntza Sailak eta Google-ek sinatutako lankidetza-hitzarmena kritikatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, beraien ustez ez baitu errespetatzen hezkun-tza-itunean sinatutakoa. Joan den apirilaren 7an, hezkuntza-itunak Eusko Legebiltzarraren bermea jaso zuen, 75 legebiltzarkideetatik 68ren babesa eskuratu eta etorkizuneko Hezkuntza Legeari begira jarrita.

EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk sinatutako akordio horren arabera, “euskal hezkun-tza-sistemak digitalizatze etiko, arduratsu, euskaldun eta eraginkorra bermatuko du”, eta ikasleen “eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuko dira, ikuskatzeko moduko bitarteko teknologiko, berrerabilgarri, libre eta gardenak” erabiliz.

Hala eta guztiz ere, atzoko kontrol saioan EH Bilduko Lore Martinez eta Elkarrekin Podemos-IUko Isabel Gonzalez legebiltzarkideek adierazi zutenez, itunak Ganberaren bermea jaso eta egun gutxitara, zehazki apirilaren 11n, euskal ikastetxeetan Google Workspace for Education zerbitzuak erabiltzeko Hezkuntza Sailak Google-ekin sinatutako hitzarmenaren berri zabaldu zen, euren ustez hezkuntza itunean sinatutakoarekin kontraesan garbian.

Biek galdera egin zioten horren inguruan Jokin Bildarratz Hezkun-tza sailburuari, eta hark argi berretsi zuen Eusko Jaurlaritzak oinarrizko akordioarekin duen konpromisoa, eta bere hitzetan, hitzarmen hori “tresna bat baino ez da”, ikastetxe publikoak software hori erabiltzeko gaitzen dituena, “inolaz ere horretara behartu gabe”. “Plataforma hori erabiltzeak ez du derrigortzen nahitaez hardware edo software espezifiko bat erabiltzera, edozein gailutan instalatutako edozein nabigatzaileren bidez egiten baita”, argitu zuen sailburuak, eta bere esanetan, hitzarmen hau sinatu aurretik ez omen zegoen inolako erregulaziorik, eta orain segurtasun juridikoa bermatu zaio erabiltzea erabakitzen duen orori. Ikasleen pribatutasuna eta eskubide digitalak bermatuta daudela azpimarratu zuen, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak oniritzia eman duelako eta softwareak ere Europako araudia betetzen duelako. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak egindako irizpenak Google Workspace for Education zerbitzuen segurtasun-neurriak zorrotz aztertu, eta ziurtagiri altua eman diola azaldu nahi izan zuen.

Sailburuak adierazi zuenez, “digitalizatze etikoaren, plataformen osagarritasunaren, eta software librearen zein pribatuaren aukeren aldeko apustua egin dugu”. Hala ere, Martinezen iritziz akordio hori “oso larria” denez, hezkuntza-itunaren jarraipen-mahaia deitzeko eskatu zuen.