Gauerdi inguruan gurutzatu zuen Bizkaitik Gipuzkoara Korrikak, Mutriku aldetik. Kostaldea bisitatu ostean, barrualdeko udalerrietatik igaro zen, ahalik eta eguna amaitzear zegoela, Berastegitik pasa eta Nafarroaruntz joan zen arte.

Larunbata, beraz, nafar lurraldean hasi du euskararen aldeko lasterketak. Eguzkia irtetzen hasi orduko, baina, muga gurutzatu du, eta Lapurdiko txoko ugaritatik igaroko da egun osoan zehar.

Hendaiara iristear izango da gauerdiko hamabietako kanpai hotsak en-tzutean. Biharkoa da Korrikaren azken eguna; 2.500 kilometroko ibilbidea egin ostean, Donostiako Bulebarrean bukatuko da 22. edizioa. Bertan izango da amaierako ekitaldia, eguerdiko 12.30ean; lekukoan gordetako mezuaren egilea aditzera emango da eta, ondoren, mezu horren edukia irakurriko da bertaratutakoen aurrean.

Festa giro polita izango da bihar Gipuzkoako hiriburuan. Izan ere, Korrikako arduradunek ekimen ugari antolatu dituzte, bai haurrek, bai gazteek, bai helduek eta bai kultura interes anitzak dituzten herritarrek ondo pasatzeko aukera izan dezaten.

Zortzi espazio izango dira prest eta kontzertu, tailer, azoka, ikuskizun, jaki dastaketa eta beste hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izango da.

Korrikaren amaiera geroz eta gertuago dago. Edizio berezia izan da aurtengoa; urtebete luzatu den itxaronaldiak herritarren grina eta ilusioa haziarazi ditu. Azken txanpa ere gogotsua izatea espero da; euskal gizarteak Korrika festa giroko aldarrikapenean agurtzea.

Bulebarra. Egunean zehar; Erakusketak; 12.00 Girotzea; 12.30 Korrika amaierako ekitaldia; 13.00 Kantujiraren hasiera; 13.30 Egunean behin partida; 15.00 Zutik elektrotxaranga; 16.00 Alerta Morea (kontzertua); 17.00 Kilimak (kontzertua).

Alderdi Eder. 10.00 Basoa ezagutuz Urgullen; 13.00 Iratxoen ikuskizuna; 15.00-17.00 Tailerrak; 17.00 Pirritx, Porrotx eta Marimotots.

Kaia. Egun osoan zehar Bertako produktuen azoka eta Piratek 20 urte erakusketa; 13.30 Euskal Herriko batukada Feministen Sarea; 15.30 Axuri Beltza kultur elkartearen emanaldia; 16.30 Bertsolariak (Beñat Gaztelumendi, Oihane Perea, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Julio Soto); 18.00 Olatz Salvador (kontzertua); 20.00 Trikidantz (kontzertua).

Zuloaga plaza 13.30 Elektrotxaranga pirata; 14.30 Auzoko egitasmoaren emanaldia; 15.00 Gipuzkoako gazte sortzaileen sarearen aurkezpen-emanaldia; 16.30 Lamiak (kontzertua); 17.30 Mugan (kontzertua); 18.30 ETS (kontzertua).

Konstituzio plaza. 17.00 Erromeria.

Trinitate plaza. 13.30 Bazkaria (1. txanda); 15.00 Bazkaria (2. txanda).

Gipuzkoa plaza. Artisau eta herri eragileen azoka.

Sarriegi plaza. Jaki dastaketa.