"Lana ondo egiteak ematen duen poza galtzen ari garela sentitzen dut"
Alberto Iñurrategirentzat tontorrak igotzea baino askoz gehiago da alpinismoa; naturarekin bat egitea ahalbidetzen dion bidaia magikoa da berarentzat eta horri buruz arituko da Donostian egingo den GURE LURRA kongresuan.
Pandemiak agerian utzi du zein baliotsua den naturarekiko kontaktua mantentzea.
-Naturak deskonektatzeko eta gure barruarekin konekta-tzeko aukera ematen digu eta pandemian bizitako konfinamenduak azaleratu du zein beharrezkoa dugun. Ez dago gorriak ikustea bezalakorik gauza txikiak estimatzeko.
Alpinismoan bezalaxe, nekazaritzan aritzeak grina eta ahalegina eskatzen du...
-Argi dago ezinbesteko bi ezaugarri direla edozein jarduera ondo egiteko, baina esfortzuarekin bakarrik hanka motz ibiliko ginateke. Mendian ibiltzeko, esate baterako, ezaugarri horiekin batera beste asko gehitu beharko genituzke: sormena, ekimena, konpromisoa, lankidetza, ardura etikoa, eta abar luze bat. Eta bat azpimarratu beharko banu, lanarekin disfrutatzeko gaitasuna izatea nabarmenduko nuke. Gustura zabiltzan neurrian, bestelako gaitasunak bakarrik datoz. Lana ondo egiten duzunean horrek ematen duen poza galtzen ari dela sentsazioa daukat.
Eta emaitzak lortzen ez ditugunean erlatibizatzen jakitea garrantzitsua da.
-Gauzak gaizki ateratzen direnean erlatibizatzea edo garrantzia kentzea ez zait asko gustatzen. Alpinismoan, esate baterako, helburuak lortzen ez ditugunean, zerk huts egin duen jabetzearen aldekoa naiz, horrek hobetzeko aukera ematen digulako. Joera dugu helburu errazak jartzeko gure buruari, lortuko ditugulakoan, baina niri ez zaizkit horiek interesatzen. Benetako erronka izateko lortuko duzun zalan-tza izan behar duzu. Argazkia: