- Frantziako departamendu, hiri eta eskualdeen izenak zehazten dituen araua berritu eta eguneratu du Euskaltzaindiak, hainbat aldaketarekin: Eure eta Loir (lehen, Eure-et-Loir), Ille eta Vilaine (lehen, Ille-et-Vilaine), Indre eta Loira (lehen, Indre-et-Loire), Itsas Charente (Charente-Maritime), Itsas Sena (Seine Maritime), Loira (Loire) edota Loira Atlantikoa (Loire-Atlantique).

Beste izen batzuk ere aldatu dira: Loira Garaia (Haute-Loire), Loir eta Cher (Loir et Cher), Lot eta Garona (Lot-et-Garona), Maine eta Loira (Maine-et-Loire), Mantxa (Manche), Marne Garaia (Haute-Marne), Marne Harana (Val-de-Marne), Meurthe eta Mosela (Meurthe-et-Moselle), Mosa (Meuse), Mosela (Moselle), Oise Harana (Val-d'Oise) edota Proventza Garaiko Alpeak (Alpes-de -Haute-Provence).

Horiez gain, Frantziako Errepublikako metropoli-eskualdeen izenak ere euskaraz idatziko dira: Akitania Berria, Auvernia-Rodano-Alpeak, Borgoina-Franche-Comté, Bretainia, Ekialde Handia, Erdialdea - Loira Harana, Frantzia Garaia, Ile-de- France, Korsika, Loirerria, Normandia, Okzitania, eta Proventza-Alpeak-Kosta Urdina.

Agiri batean ekarri du gogora Euskaltzaindiak 1995ean argitaratu zuela Frantziako eskualde, departamentu eta hirien izenei buruzko 36. araua. 2006an eguneratu egin zuen, izen ofizialetako aldaketak jasotzeko.

Halaber, 2016ko urtarrilaren 1az geroztik dago indarrean Frantziako Errepublikaren banaketa administratibo berria, eta aldaketak funtsezkoak izan dira, batez ere eskualdeei dagokionean. Ordura arte 27 ziren eta handik aurrera 18.

Eskualdeak berregituratzeaz gain, izendapenak ere aldatu egin dira. Beraz, Euskaltzaindiak azaldu duenez, errealitate berrira egokitzeko ezinbestekoa zen araua berritu eta eguneratzea.

Adibide gisa aipatu nahi izan dute "2016ra arte Ipar Euskal Herriko lurralde guztiak Akitania eskualdean kokatuta zeuden. Ordutik aurrera, Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes Akitania Berria eskualdean daude ".

Eguneratzeaz gain, zenbait doikuntza ere egin dira arauaren beraren barne-kohesioa ziurtatzeko eta toponimiari buruzko gainerako araudiarekin koherentea izateko.