Kilometroak 2018ko kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte Urretxun
Doinua musika eskolakoek konposatu dute eta letra bertso eskolakoena da
urretxu - Aurtengo Gipuzkoako ikastolen festa, Kilometroak, Urretxu eta Zumarragan ospatuko da urriaren 7an. Urretxu-Zumarraga Ikastola pixkanaka festaren nondik norakoak aurkezten ari da eta atzo arratsaldean kanta eta bideoklipa aurkeztu zituzten Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Ekitaldian ehunka haur eta guraso elkartu ziren eta, eguraldi bikaina lagun, primeran pasa zuten.
Aurtengo festaren lema Zubiak batuz da eta kanta eta bideoklipa sortzeko orduan ere zubiak batu dituzte. Izan ere, ikastolak bi herrietako beste eragile batzuekin batera egin ditu sorkuntza lan hauek.
Kantaren letra Urretxu-Zumarragako bertso eskolak sortu du eta doinua, berriz, bi herrietakomusika eskolako irakasleek. Normalean lehenengo letra idazten da eta ondoren melodia sortzen da, baina oraingoan alderantziz egin dute. Abestiak ska, rap eta trikitixa ukituak ditu.
Abestiari Uxue Kerejetak, Maddi Martinek eta Sergio Patxukok (Patxuko Nice taldeko kideak) jarri diote ahotsa. Hiru abeslari hauek musika eskolako abesbatza eta musikariak izan dituzte lagun.
Atzoko aurkezpen ekitaldian kanta lehen aldiz entzun ahal izan zen: aipatutako abeslariek zuzenean abestu zuten. Gainera, lehenengoz bideoklipa ikusi ahal izan zen. Bideoklip hau Iñigo Sbeltzak zuzendu du eta, aurtengo festaren leloari jarraituz, zubiak eta elkarlana dira protagonista nagusiak.
Gonbidatu asko Kanta eta bideoklipa aurkeztu aurretik, giroa berotzeko, Kilometroetako hainbat kanta eskaini zituzten play-back modura. Ikuskizun honetan Urretxu eta Zumarragako ikastolako haurrekin batera, Legazpi, Bergara, Oñati eta Zarauzko ikastoletako haurrek parte hartu zuten. Lau ikastola hauetako ikasleek beraiek antolatutako Kilometroak festetako abestiak dantzatu zituzten.
Urretxu-Zumarraga ikastolako adin ezberdinetako ikasleek, berriz, bi herri hauetan antolatutako Kilometroen abestiak dantzatzeaz gain, Oiartzunen, Lezo-Pasaian eta Azpeitian antolatutako festen kantak dantzatu zituzten. Gainera, Iker Rodriguez irakasleak aurtengo abestia dantzatzen irakatsi zien bertaratutakoei.
Urretxu-Zumarraga ikastola pixkanaka ari da aurkezten festaren nondik norakoak. Azaroan leloa, logoa eta arropa aurkeztu zituen, orain abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu eta aurki zirkuituaren berri emango du.
Más en Sociedad
-
Cinco incendios forestales encienden de nuevo las alertas en el Estado
-
Barniedo, el osezno que sobrevivió a dos incendios en León
-
León registra cuatro nuevos incendios originados en un lapso de hora y media
-
El detenido por el asesinato de una mujer en Lloret de Mar se dejó la cartera en la escena del crimen