Hau dek, hau entzun orduko, Azpeitiko danborrada osatzen duten 27 taldeak euren danbor eta barrikak astintzen hasi ziren musikaren erritmoan, herriko kaleak kolore biziz betez. Izan ere, euriak ez zituen azpeitiarren gogo eta ilusioak zapuztu eta giro ona eta festa giroa izan ziren nagusi. Urtebetez zain egon ondoren, danbor hotsen artean murgildu ziren azpeitiarrak. Arratsalderako jai usaina nabaria zen eta jende ugari zebilen herriko kaleetan.
Olazko Amaren plazatik abiatu zen desfilea 22.15ean eta ibilbideko lehen geldiunea Soreasuko Sebastian parrokian egin zuten, urteroko ohiturari jarraituz, San Sebastian martxa eta Soreasuko Sebastian jo zituzten herriko zaindariaren omenez.
Alde Zaharreko kaleak igaro zituzten, aurten berrikuntza batekin; Damaso Azkuetik ere pasa ziren. Azken urteetan ibilbidea moztu egin zen, Damaso Azkueko gunea kenduz, baina aurten berriro berreskuratu da. Hala, gauerdia iritsi aurretik, Azpeitiko ia 1.500 danborjoleak herriko enparantzan sartu ziren, hamabietako San Agustingo erlojuaren kanpaiak entzun zain. Ordurako udaletxeko balkoietan zeuden Udalak egindako zozketaren 10 onuradunak. Gauerdiko kanpai hotsekin batera San Sebastian martxa jotzen zuten danbor soinuak nagusitu ziren Azpeitian. Gaueko unerik zirraragarriena.
Arrantzaleak taldearen 50 urte bete zituen atzo danborradan parte hartzen eta merezitako omenaldia jaso zuen. Taldeko zuzendari den Bittor Olaizolak eta Azpeitiko helduen danborradan atera ziren lehen bost emakumek igo ziren udaletxera oroigarria jasotzera.
Danborradako pieza guztiak jo ondoren, 1.30ak aldera Helduen Danborrada amaitu zen eta elkarte eta konpañia bakoitza bere egoitzara abiatu zen. Arropaz aldatu eta festarekin jarraitzeko asmoz. Izan ere, festak aurrera jarraitu zuen goizaldera arte; herriko kaleak jendez gainezka zeuden herriko eta kanpoko jendearekin eta, gainera, gaueko danbor hotsak DJ Kanuttoren musikak ordezkatu zituen. Parrandak gaur jarraitu egingo du, beste hiru danbor saio izango baitira: goizean, eguerdian eta iluntzean. Hala ere Haurren Danborradak hartuko du protagonismo osoa. - Eregi