Donostia."Lehen txiki ginenok/ ia handi gara/ askoz ere handiago/ zu batzen bazara". Horrela dio aurtengo Gipuzkoako Eskola Txikien festarako altzotarrek sortu duten abestiak. Bihar izango da ospakizuna, eta goizeko 10.00etatik iluntzera arte luzatuko da festa. Auzo eta herri txikiak bizirik mantetzeko 1988. urtean sortu zuten ekitaldiak 26 eskola eta herri biltzen ditu. Aurtengoan, Imaz Bertsolaria eskola izango da antolatzaile eta protagonista nagusia.

Egun osoko festa izango da. Lehenengo, harrera deialdia egingo dute txalaparta bidez eta ondoren, Altzoko umeek izango dute hitza. "Beraiek sorturiko bertsoen bidez, parte hartzen duten herrien ordezkariei deituko zaie", azaldu du Zantillazpiko (Altzoko guraso elkartea) arduradunak, Mikel Olanok.

Altzon duela 200 urte bizi izan ziren pertsonaiei buruzko antzerkiaren aurkezpena etorriko da gero. "Parodia modukoa izango da, benetan oso polita", aipatu du. Herriko sei edo zazpi pertsonaia ezagun ekarriko dituzte gogora, besteak beste: Altzoko Erraldoia, Imaz bertsolaria, Asteasuko itsua eta Peio Errota. Taula gainean hasiko da egitasmoa baina, egunean zehar, herriko txoko ezberdinetan jarraituko dute.

Herriko plazan izango den ekitaldi nagusia bukatzeko, altzotarrek Eskola Txikien festarako sortu duten abestia aurkeztuko dute. "Ekitaldietarako kantu bat atera dugu, herri guztiaren laguntzarekin eta eginakin", azaldu du Olanok. Abesti berri hau, eskola txikiek aspalditik duten kantu propioarekin tartekatuz en-tzun ahal izango da.

Eguerdi aldera lekukoa eskuz aldatzeko unea iritsiko da. "Egurrez egindako irudi bat emango diogu datorren urtean festa antolatu behar duen herriari, Abaltzisketari, alegia", aipatu zuen. Gero, bazkarirako unea iritsiko da 14.30ean, frontoian eta plazako karpan.

Antolatzaileek ikastola txikietatik pasatako gazteengan ere pentsatu dute. Horregatik, Pirritx eta Porrotxen saioa egongo da eta ondoren Lain taldeak kontzertua eskainiko du plazan: "Gazteenak festan parte hartu ahal izateko modan dagoen taldea ekarri dugu".

Ondoren, Jexux Mari Irazu eta Jokin Sorozabal bertsolariak garai batean bezala arituko dira kantuan. "Eskola txikitako bi herritarrek ez dute oholtza gainean kantatuko, auzoko tabernetako balkoietatik baizik", azaldu du Olanok. Festari agurra emateko Altzoko Oinazez taldearekin erromeria egongo da.

Ekintza hauez gain, beste batzuk ere izango dira: erakusketak, zetreroa, eskulan tailerra, kartsak edota rokodromoa. Olanoren arabera, bihar "Altzok hartuko zaitu altzoan".