Momentu gogorrak bizi izan arren, gipuzkoarrok martxan jarritako ekimen solidarioak txarrenari onena ateratzeko ikasbidea izan beharko luke. Koronabirusak bat-batean harrapatu zuen gizartea. Hasieran, nahasmen handia izanagatik, merezi du azken bi hilabeteetan elkartasunean sortutako ekimenak gogoratzea.

Birusak adineko pertsonei eta egoera kalteberan daudenei eragin die gehien. Itxialdiaren ondorioz, pertsona asko oinarrizko erosketak edo sendagaiak jasotzeko ezinean ikusi ziren. Egoera larri honen aurrean, Gipuzkoako herri desberdinetan boluntario andana eskaini zen arriskuan zeuden pertsonei lagun-tzeko, gazteak bereziki. Hasieran modu informalean, ondoren udalen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin osatu zen elkartasun sarea. Guztion Artean izenarekin, erakunde publikoen eta boluntario askoren lankidetzari esker, solidaritate olatu hori modu eragingarrian koordinatu eta antolatzea lortu zen, 200 boluntarioen parte hartzearekin.

Denbora gutxiren tartean, etxeetako leihoak eta balkoiak herri ekimen desberdinen agertoki bilakatu ziren. Italiatik jasotako irudiei jarraituz, itxialdia eramangarriago izateko ikuskizunak eta jarduerak ugaritu ziren egun gutxiren buruan. Juan Carlos Diez Sotok esaterako, garajean bozgorailu bat zuela aprobetxatuz, Ormaiztegiko bere auzokideentzako musika saioak antolatu zien arratsaldero, Txoriak Txori eta Donostiako martxa bezalako abestiak jarriz.

Apirilaren 18an Sevillan jokatzekotan zen Realaren eta Athleticen arteko Kopako finala, berriz, etxeetan jokatu zen. Bi taldetako zaleek antolatuta, etxe bakoitzeko leihoetan eta balkoietan bakoitzaren taldeko banderak eta bufandak ipini zituzten zaletuek. Bereziki ikusgarria izan zen.

Txalo zaparrada

Balkoietatik eta leihoetatik ere arratsaldero pandemiaren momentu latzenetan lanean jarraitu zutenak omentzeko txaloak gizartearengatik sortutako ekimena izan zen. Itxialdiaren momentu ikonikoena bilakatuta, egunero 20.00etan txalo zaparrada hiri eta herrietako soinu banda bilakatu zen, tarte batez txorien kantuak isilarazten zituenak. Martxoaren 14an hasitako omenaldiari maiatzaren 17an heldu zitzaion amaiera, deskonfinamenduak eraginda.

Txalo saio guztien artean badira bereziak eta hunkigarriak izandakoak. Donostiako Ospitalaren ondoan dagoen Tolosa jatetxeko jabeek, Cuerdo-Azpiazu familiak, goizeko txanda amaitzen zuten osasun arloko langileei txalotzera atera dira egunero, profesional horiek egindakoa eskertzeko.

Denok elkarrekin

Pandemia honek agerian utzi duen gauzetako bat egoera honi aurre egiteko prestakuntza falta izan da. Gaixoak ospitaleetan eta egoitzetan pilatzen hasi zirenean, osasun arloko profesionalek eta egoitzetako langileek birusarengatik babesteko material nahiko ez zegoela salatu zuten. Nazioarteko merkatua gainezka zegoenez, lehenengo irtenbideak bertatik iritsi ziren. Ikastetxeak, enpresak eta hiru dimentsiotako inprimagailua zuen edonork bisera babesgarriak egiten hasi ziren tokian tokiko profesionalen artean banatzeko. Osakidetzak emandako gomendioei jarraituz, Gipuzkoako makers komunitateak lehenengo asteetako eskasiari aurre egiteko funtsezko lana burutu zuen.

Ildo berean, Decathlon markako snorkel maskarak babesgarri eta arnasgailu gisa erabili zitezkeela zabaldu bezain pronto, jende andana Ertzaintzarekin kontaktuan jarri zen etxean zituztenak ospitaletara emateko. Donostiako ospitalera maskara asko iritsi ziren eta eskatutakoa aise beteagatik, 100 pertsonatik gora erakutsi zuten horiek emateko asmoa.