2021 sagardotegi-denboraldia hasi da, eta berrikuntza batzuk ekarri ditu: nagusia, uzta berriko sagardoa mahaian dastatuko dugula, txarroen bidez. Pandemiaren ondorioz ezarritako neurri murriztaileen aurrean, kupeletako sagardoa mahaiko lasaitasunean eta segurtasunez dastatu ahal izateko lehengo kontsumo-modu hori berreskuratu dugu .

Petritegin, natura bete-betean kokatua egoteaz eta barneko espazio zabalak izateaz gain, sagardotegiko esperientzia segurua eskaintzen diegu gure bezero eta lagunei 2020ko maiatzaz geroztik.

BERRIKUNTZAK

2020ko uztako sagardoak oso lurrintsuak eta freskoak dira, mingots punttu bat ere badute, zeinak, ondo orekatuz gero, luzera eta sakontasun handiagoa ematen dion. Petritegiren berezko izaera eta betiko kalitatea duten sagardoak dira sagardozaleen gozamenerako.

Laster aurkeztuko dugu Petritegin bertako sagarrarekin egindako produktu berri bat ere, cider kategorian kokatzen dena, alkohol graduazio txikikoa eta izaera handiko edari freskagarria.

Sagardoaren esperientzia etxera ere eramaten ari gara. Gure take away proposamenarekin, gure sagardo eta sagardotegiko plater onenetan goza daiteke etxeko lasaitasunean: txuleta, legatza parrillan, tortilla, etab. Zerbitzu hau digitalizatu egin dugu gailu mugikorren bidez eskaera-prozesua errazteko (www.petritegi.eus).

Petritegin ziur gaude gure lan-talde gaztearen ilusioari eta ardurari esker, gure upategia egoera berrira egokituko dugula, eta gure etxean konfiantza duten pertsona guztiek 1526 urteaz geroztik jasotako Petritegiko sagardogintzaren tradizioaz gozatzen jarraituko dutela, modu lasai eta seguruan.