Kalitate handiko produktua da Euskal Sagardoa eta balorean jartzea ezinbestekoa da. Hori horrela, taberna eta jatetxeetan sagardokartak geroz eta ohikoagok izatea da Euskal Sagardoa jatorri-deituraren jomuga. Orain arte, Tolosaldea jatetxean izan dute horrelako erreferente handi bat (Tolosa-Alegi arteko gasolindegiko jatetxean), beste zenbait jatetxerekin batera. Joan den abenduan, berriz, beste jatetxe bat gehitu zaie zerrendara. Izan ere, Astigarrako Ibailur jatetxeak Sagardoteka bat ireki du, non 10 sagardotegiren (Aburuza, Alorrenea, Bereziartua, Gartziategi, Irigoien, Isastegi, Lizeaga, Petritegi, Zapiain eta Zelaia) 18 Euskal Sagardo desberdin eskaintzen dituzten aukeran. Kontzeptu berri bat da, sagardoaren dastaketa proposamen gastronomikoekin uztartzeko aukera ematen duena.

Sagardogileek beso zabalik hartu dute ekimena: “Sagardoak jatetxe eta tabernei aukera ona eskaintzen die Euskal Sagardo kartak osatu eta euskal gastronomiari eskaintza berritzaile eta erakargarri bat zabalduz”. Kontsumitzaileek, berriz, sagardoa bertan dastatzeaz gainera, erosteko aukera ere izango dute.