Gure egunerokoan, askotan taldean aritzea eta jarduerak partekatzea da ohikoena. Lagunekin, senideekin edo lankideekin egiten ditugun planek betetzen dute gure agenda, eta bakardadea sarritan bigarren mailan uzten dugu. Hain zuzen ere, gauzak bakarka egitea, askotan, “arraroa” dela pentsatzen da, nahiz eta askok noizbait sentitu dugun gure buruarekin denbora pasatzeko beharra.
Hori dela eta, merezi du begirada aldatzea: zer gertatzen da jarduera batzuk bakarrik egiten ditugunean? Zer ekarpen egiten digu horrek gure ongizatean, gure garapenean edo gure harremanetan?
Une aproposak eta noski, proposamen zehatzak bilatu behar dira gauzak bakarka egiten hasteko. Gainera, uda, edo ikasturte berria hasteko garaia aukera bikainak dira gure buruarekin hitzordu bat antolatzeko.
Zergatik bakarka?
Bakarka jarduerak egitea ez da soilik norbere kasa pasioa bilatzea; askotan, behar psikologiko eta emozional sakon bati erantzuten dio. Bizitza azkar honetan, gizartearen erritmoan mugitzen gara, eta horrek sarritan ez digu uzten gure barne ahotsa entzuten. Bakarka aritzea, berriz, aukera bikaina da isiltasuna bilatzeko eta gure buruarekin konektatzeko.
Lehenik eta behin, autoezagutza azpimarratu beharrekoa da. Norberak bere kasa jarduera bat egitean, ez dago beste inoren iritzi edo gustuen presiorik. Hori dela eta, interes pertsonalak argiago agertzen dira: zer gustatzen zait benetan? Zer emozio sortzen dit ekintza honek? Horrek barne bakea indartzen du, eta erabaki pertsonalak hartu aurretik lasai hausnartzeko aukera ematen du.
Bigarrenik, autonomia eta konfiantza lantzen dira. Bakarka aritzeak erantzukizuna norberaren esku uzten du, eta horrek segurtasun pertsonala handitzen du. Azkenik, sormena pizteko aukera paregabea da. Norberaren barne mundura begiratzeak askotan ideiak, irudiak eta proiektu berriak sortzen laguntzen du.
Uda eta kurtso hasiera
Bakarka jarduerak egiteko une egokia beti izan daiteke, baina badira garai bereziki aproposak horretarako. Uda horietako bat da. Ordutegi malguagoak, oporrak edo eguneroko errutinatik aldentzeko aukerak askatasun handiago ematen digute. Udan, askok ohiko ingurunea uzten dute, eta horrek ate berriak irekitzen dizkio norberarekin konektatzeko denborari. Hondartzara bakarrik joatea, liburu bat lagun hartzea, edo mendian ibilaldi bat egitea askatasun ariketa bihur daitezke.
Baina ez da soilik opor garaira mugatzen. Ikasturtearen hasiera ere une egokia izan daiteke jarduera berriak bakarka probatzeko. Iraila edo urria iristen direnean, bizitza berrantolatzeko unea izaten da: helburu berriak finkatzen dira, ohiturak egokitzen dira eta agenda berriak betetzen hasten dira. Testuinguru horretan, norberarekin hitzordua hartzea aukera bikaina da. Hasiera garai horretan bakarka jarduera bat egiteak lagun dezake etapa berriari ikuspegi osasuntsuago eta orekatuagoarekin ekiteko.
Bakarka jarduerak egiteko hainbat modu
Bakarka jarduera egiteko modu ezberdinak daude. Batetik, jarduera benetan bakarrik bizitzeko aukerak daude: naturan ibiltzea, liburu bar irakurtzea, idaztea edo ariketa fisikoa egitea. Norberarekin egoteko une aproposa.
Bestetik, badaude jarduera “bakarka baina taldean” egitekoak. Hau da, ezagutzen ez den jendearekin ekintzetan parte hartzea: yoga, edo pintura ikastaro batean izena ematea, antzerki tailerra frogatzea edo mendi irteera gidatu batean parte hartzea. Modu horretan, bakarka hasten da esperientzia, baina sozializatzeko aukera ere agertzen da.
Jarduera proposamenak
Bakarka jarduerak egiteko aukerak mugagabeak dira. Adibidez, irakurketa edo idazketa pertsonala. Liburu bat ordu batzuk eskaintzea eta hori irakurri ondoren, irakurritakoaren inguruan idaztea ideia bikaina da. Laburbilduz, irakurritakoaren inguruko eguneroko bat lantzea.
Naturan ere mila ekintza daude, besteak beste, mendira edo hondartzara bakarrik joatea. Ingurua lasaitasunez behatzea bera esperientzia aberasgarria da. Kulturan, adibidez, museo edo erakusketa batera bisita bakarka egitea ideia ona da, edo zinemara joatea.
Gure egunerokotasunean taldeka egiten ditugun ekintzak bakarka egitea zailagoa izan daiteke, baina bakarka esertzea, kafe edo te bat hartzea, eta horren bueltan, irakurtzea, idaztea edo besterik gabe, ingurua behatzea ideia on bat izan daiteke. Noski, beste hainbat jarduera daude, sormenarekin loturikoak, kirolarekin, edota meditazioarekin. Aukera bakoitzak esperientzia desberdina eskaintzen du, baina guztiek badute amankomuneko helburua: norberarekin konektatzea, autonomia lantzea eta ongizatea indartzea.