Altueran, pareta batera itsatsita, baina kable bati segurtasunez lotuta. Eskailera metalikoen artean, hormaren erdian zintzilik, naturarekiko konexioa beste era batean bizitzen da. Gero eta ezagunagoak diren jarduera hauek izen bat dute: via ferrata izeneko ibilbideak dira.
Via ferrata bat mendiko ibilbide erdi-artifiziala da, paretetan zehar doana eta elementu finkoen bidez (kablea, eskailera, heldulekua, zubia, triolina…) oinezkoari edo mendizaleari leku malkartsuak eskalatzeko aukera ematen diona, eskaladan aditu izan beharrik gabe. Jarduera honek eskaladaren eta mendi-ibilaldiaren arteko zubia egiten du, eta gero eta zale gehiago erakartzen ari da.
Azken urteotan, gero eta jende gehiagok bilatzen du abentura eta emozioa aire librean. Mendizaletasunaren hazkundea eta kirol-jarduera berrien bilaketa direla medio, via ferratak leku geroz eta nabarmenagoa hartzen ari dira gure mendietan. Zaletasun berri bat ez ezik, naturarekin konektatzeko modu zirraragarria bihurtu dira. Batzuk adrenalinaren bila joaten dira, beste batzuk asteburuko plan ezberdin bat egiteko.
Via ferraten jatorria eta historia
Gaur egun aisialdirako eta kirolerako erabiltzen baditugu ere, via ferratak ez ziren horretarako sortu. Jatorria XX. mendearen hasierara doa, eta, egia esan, ez ziren sortu giro alai batean erabiliak izateko. Lehen Mundu Gerran, Dolomitetako mendilerroan (Italia eta Austria artean), tropak altuerako gune estrategikoetara igotzeko eta hornidurak eramateko sortu ziren lehenengo ibilbide finkoak.
Soldaduak mendian seguruago mugitu ahal izateko, kableak, metalezko eskailerak eta heldulekuak jarri zituzten hormetan. Ez ziren, jakina, gaur egungo segurtasun estandarrekin sortu, baina oinarria jarri zuten: tresna sinple bat baina eraginkorra zen leku zailak gurutzatzeko.
Gerra amaitu ostean, egitura horietako batzuk erabilera puntualean geratu ziren: artzain eta mendiko langile batzuek erabiltzen zituzten noizean behin, eta batzuetan, tokiko biztanleek ere bai, euren eguneroko joan-etorrietan. Hala ere, denborarekin abandonatuta geratu ziren.
1990eko hamarkadatik aurrera, mendiko-jarduerak eta kirol alternatiboek gora egin ahala, hainbat tokitan via ferrata zaharrak berritzen hasi ziren, baita berriak eraikitzen ere. Eskalada eta mendi-ibilaldien artean zegoen jarduera honek jende askori irekitzen zion aukera: ez zen beharrezkoa eskalatzaile profesionala izatea mendiko pareta ikusgarri batean igotzeko.
Via ferratak jada ez dira soilik iraganeko aztarna militar bat, baizik eta kirol eta aisialdiaren munduko jarduera berri bat.
Zertan datza via ferrata bat?
Via ferratak gaur egun asko aldatu dira bere jatorrizko funtziotik. Gaur egun mendizaletasuna, abentura eta kirola uztartzen duen jarduera bat da. Egia esan, paretan gora egitearen ideia bera beldurgarria iruditu dakiguke hasieran, baina via ferratak horixe eskaintzen dute: altueran ibiltzeko aukera, baina segurtasun neurri egokiekin eta laguntza egiturekin.
Baina, zer da zehazki via ferrata bat? Esan liteke ibilbide finkatua dela mendiko pareta batean, non metalezko heldulekuak, eskailerak, zubi zintzilikariak eta kable finko bat jarrita dauden. Ibilbidea horri esker, parte-hartzaileek igotzen jarrai dezakete, eskaladan aditu izan gabe.
Ibilbide bakoitzak zailtasun maila desberdina izan ditzake. Batzuk errazak dira, familia osoarentzat egokiak; beste batzuk, berriz, fisikoki eta teknikoki exijenteagoak. Badira baita tirolinak, horman iltze moduan jarritako “urratsak” edo baita aireko zubi mugikorrak ere dituztenak.
Jakina, segurtasunak garrantzi handia du. Horregatik erabiltzen dira beti arnesa, kaskoak eta disipagailua (erori ez gero, kolpea leuntzeko sistema bat). Noski, komeni da jarduera hau lehen aldiz egiterakoan, profesional baten laguntzarekin egitea. Via ferratek, azken finean, aukera ematen dute mendia beste modu batean bizitzeko, erronka txikiak gaindituz, baina beti kable bati lotuta.
Izas Garcia: “Kontziente naizenetik, ez naiz inoiz hainbeste interesatu kirol batengatik”
Izas Garciak 2023an bere lehen via ferrata egin zuen. Berak dioen bezala, “negarrez” bukatu zuen, baina aldi berean pozik amaitu zuen. Izas Garciaren lanbideak ez dauka zerikusirik eskaladarekin edo mendiarekin. Sukaldaria da 27 urteko santutxuarra, baina behin lagun batek erakutsi zizkion egindako via ferrata baten argazkiak eta lehenengo momentutik gustatuko zitzaion plana eta animatu zen. “Asko gustatu zitzaidan kirola aire librean egin ahal izatea, naturan, eta aldi berean, adrenalina puntu batekin konbinatu ahal izatea”.
Zer da gehien disfrutatzen duzuna via ferrata bat egiten duzunean?
Asko gozatzen dut bistez, herri berriak deskubritzeaz eta lagunekin egun bat pasatzeaz.
Ze sentsazio eragiten dizkizu fisikoki eta emozionalki? Nolabait berezi sentiarazten zaitu?
Fisikoki ez dut nekea nabaritzen praktikatzen dudan bitartean, non eta ez dagoen erorketa handi bat, noski. Gehien nabaritzen dudana eragin psikologikoa da, beldurra, blokeoak… agertzen dira horrelako sentsazioak, baina gero eta gehiago kontrolatzen ditut, eta gero eta hobeto ezagutzen dut nire burua, adibidez, egoera batean aurrera egin dezakedan jakiteko.
Bakarrik joaten zara, jendearekin edo talde antolatuekin?
Beti joaten naiz norbaitekin, pertsona asko ikusi ditut bakarrik egiten, baina niri kirol arriskutsua iruditzen zait, eta zerbait gertatzen bazaizu, agian inor ez da enteratuko… Ni beti joaten naiz norbaitekin, esperientzia duen norbaitekin, lasaiago noa eta maila altuagoko ferratak egin ahal ditut. Adibidez, via ferraten dinamika ezagutzen ez duen norbaitekin banoa, egiteko gai den ferrata batera eramaten dut.
Beste jarduera batzuekin konbinatzen duzu, hala nola, mendi ibilaldiak edo eskalada?
Nire lehen ferrata egin ondoren eskalada probatu nuen eta izugarri gustatu zitzaidan, horrek asko lagundu dit teknika egokia ikasten eta hanketako indarra erabiltzen besoetatik hainbeste tiratu beharrean. Gainera, nire indarrean konfiatzen ikasi dut.
Zure ustez, zer da via ferratak egitera hainbeste jende erakartzen duen hori?
Nire ustez, muturreko kirol arriskutsuek eta adrenalina sortzen dutenek edonor kateatzen dute, batez ere, ondorengo gogobetetasunagatik.
Zer esango zenioke jakin-mina duen baina probatzera ausartzen ez den norbaiti?
Gidari bat kontratatzea, edo eskarmentu handiko norbaitekin joatea, bertigorik ez badu kirola, lagunak eta natura uztartu ditzakeen esperientzia ikaragarria delako.
Zer ekarpen egiten dizu pertsonalki via ferratak egiteak? Mendia ikusteko modua aldatu da zuretzat?
Kontziente naizenetik, ez naiz inoiz hainbeste interesatu kirol batengatik. Frogatu nuen lehen alditik, edozein lekutara bidaiatzen dudan bakoitzean, beti bilatzen dut via ferrata bat egiteko aukera, eta hori izugarri gustatzen zait. Inoiz ez nuen imajinatuko bidaiatzea eta gustuko dudan kirolean pentsatzen jarraitzea munduko edozein tokitan gozatzeko.
Nola bizi duzu segurtasunaren gaia? Modu bereziren batean prestatzen zara?
Hasieran, jende trebatuarekin joaten nintzen beti, eta asko ikasi nuen. Baina orain, nire kabuz joaten naizenez, zalantzaren bat izanez gero, lagun eskalatzaileei galdetu ohi diet. Kirol honen alderdi ona da segurtasunaren aldetik, gauza gutxi ikasi behar direla, eta behin ikasita, ez du axola zein ferrata maila egingo duzun, beti gauza bera izango baita.
Zure ustez, praktikatzen hasten duenarentzat, jarduera ezaguna eta ondo azaldua da?
Ez, uste dut denok identifikatzen dugula eskalada egiteko, aurretik ezagutza bat behar dugula. Baina, alderantziz, badirudi via ferratak erraz egin daitezkeela gidarik gabe edo esperientziarik gabe, eta jendeak kontuan izan beharko luke arriskutsuak izan daitezkeela.
Ba al duzu via ferrata gustukoenik?
Nahiago nuke via ferrata gustukoenik ez izatea, horrek guztiak probatu ditudala esan nahiko bailuke. Baina bat aukeratu beharko banu, Los Llanosko burdinbidea izango litzateke. Hainbat mailatako ferrata bat da, edonork egiteko modukoa; zubi tibetar bat du, Liebana haranera eta Europako mendietara begira dagoena, eta ezusteko bat duena: gauez, foku koloretsuekin argiztatzen da, gauez gozatu ahal izateko.