Donostia – 27 urteko erdiko atzelari donostiarrak iragan denboraldiaren amaieran utzi zuen Reala, bost denboraldi txuri-urdinez aritu ostean. Realeko jokalari ohia talde zuri-gorriaren harrobian aritutakoa zen eta 2016an Bizkaiko lehen taldean jokatzera ere iritsi zen, guztira hamahiru partida jokatuz eta ligako tituluaren lorpenean parte hartuz.
Ondoren, Extremadurako Santa Teresan eta Betisen aritu zen donostiarra, eta handik etorri zen 2018an Realera.
Maddi Torrek 2026ko ekainaren 30era arteko kontratua sinatu du Athleticekin, Realarekin zuen hi-tzarmenetik “erabat libre” geratu zenez: “Ilusio handiarekin nator. Nire aurreko etapan, jokalari beteranoak, eskarmentu handikoak eta bere garaian onenak zituen aldagela ezagutu nuen, eta orain berriz, irten berri diren futbolariekin egotea tokatu zait, klubean gauza politak egiteko adina talentu eta anbizio dutenak”.
Athleticek atzo aurkeztu zituen Maddi Torre eta Marta San Adrian, Sanadri, aurrelari donostiarra.
Atzelaria bezalaxe, Sanadrik 2026ra arteko kontratua sinatu du, eta bera ere “libre” etorri da.
23 urteko aurrelari donostiarra Añorgan hezitakoa da, eta 2018-2019 denboraldian Deportivo Alavesek fitxatu zuen, talde arabarrarekin bi aldiz maila igotzea lortuz.
Aurreko denboraldian bost gol sartu eta hiru asistentzia eman bazituen ere, bere ekarpena an-tzu geratu zen eta ez zen nahikoa izan talde babazorroak maila galtzea ekiditeko.
“Oso proiektu polita da”
Oso proiektu polita eta deigarria da, horrek erakarri nau. Athletic beti izan da klub handia, eta gauzak oso ondo egiten ari da etorkizunean hazten jarraitzeko” nabarmendu zuen futbolariak, Jon Uriarte presidentearekin kontratua sinatu ostean.
Zuri-gorrien lehen taldeko entrenatzaile postuan Iraia Iturregi ordezkatu duen David Aznarren aginduetara jokatuko dute aurten Maddi Torrek eta Sanadrik.