Gaur bertan hasiko den Errumania eta Georgiako 21 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartuko duten Realaren ordezkariak Jon Pacheco eta Ander Barrenetxea izango dira. Erdiko atzelari nafarrak eta hegaleko donostiarrak beste titulu bat gehitu nahi diote euren palmaresari, joan den astean Robin Le Normandek, Mikel Merinok eta Martin Zubimendik Nations League-n egin bezala.
Hasteko, Espainiako selekzioak bi anfitrioietako baten aurka jokatu beharko du, Errumaniaren aurka, 20:45etan hasita. Partida horri begira, atzelari txuri-urdinak titular izateko aukera handiak ditu; denboraldiaren azken txanpan Imanolekin protagonista izan den aurrelariak, berriz, badirudi aulkian hasiko duela partida, Santi Denia hautatzaileak zelaiaren eremu horretarako kalitatezko jokalari ugari dituela kontuan izanda.
Titulua irabazteak 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzea bermatuko lioke Espainiari, Europako txapelketak lau plaza banatuko dituelako. Albaceteko entrenatzaileak hasieratik azpimarratu nahi izan du zeinen garrantzitsua den Errumaniaren aurkako lehen partida, Tokio 2020rako sailkatzea lortu zutelako eta maila absolutuko jokalarien lagun-tza ere izango dutelako.
Santi Deniak badu zalantzarik hasierako hamaikakoari begira. Atepean, Arnau Tenas, 2019ko 19 urtez azpiko Europako Txapelketako atezain titular izandakoak, jokoan izango du postua Agirrezabalarekin; biak ala biak, maila handiko atezainak.
Defentsan, Arnau Martínez, Guillamon, Pacheco eta Juan Miranda dira hasieratik jokatzeko hautagai nagusiak. Erdiko aurrelariaren postua ere argi dago, Abel Ruiz kapitainak beteko baitu; eta Sergio Gómezek hegaletakoren batean seguru jokatuko duenez, falta diren hiru postuak daude zalan-tzan. Itxura batean, sasoi bikainean dagoen Barrenetxeak pizgarri izateko aukerarik badu; eta, hortik aurrera, Deniak sei jokalari ditu hiru postu betetzeko. Sancet eta Baena pibotetik gertuago egoteko. Eta azkenik, Riquelme, Gabri Veiga, Oroz eta Rodri, azken bi postuetan izateko.
Errumania-espainia
Errumania Tarnovanu; Pantea, Screciu, Dican, Ticu; Isfan, Grameni, Albu, Petrila; MihÄilÄ eta Munteanu.
Espainia Agirrezabala; Arnau Martínez, Guillamón, Pacheco, Miranda; Aimar Oroz, Baena, Gabri Veiga; Rodri, Sergio Gómez eta Abel Ruiz.
MULTZOEN FASEA
- A multzoa. Georgia, Portugal, Belgika eta Herbehereak.
- B multzoa. Errumania, Espainia, Ukraina eta Kroazia.
- C multzoa. Txekiar Errepublika, Ingalaterra, Alemania eta Israel.
- D multzoa. Norvegia, Suitza, Frantzia eta Italia.