Realeko gainerako jokalariek bezalaxe, kapitainak ere oso argi dauka: “Jakin badakigu kanporaketari buelta emateko gai garela. Aldea iraultzeko gauza bagara. Erabateko sinesmena dut talde honengan. Ez da erraza izango, joaneko partidan 2-0 galdu genuelako, baina Erroman gauza asko ondo egin genituen, beste batzuk hobetu beharko ditugun arren. Nire ustez kanporaketari buelta emateko gai gara eta helburu horrekin gogor lan egin dugu aste osoan”. 

Asier Illarramendik astearteko agerraldian adierazi zuenez, konbentzituta omen dago Anoetan gau historikoa bizi daitekeenaz: “Guk sinesmen osoa dugu, eta horixe da lehen urratsa. Guztion babesa eta indarra behar ditugu. Erroman biziarazi zigutena eurek hemen sentitzea nahi dugu. Gure zaleen indarra beharko dugu eta badakigu gurekin egongo direla. Partida hasi orduko, markagailuari buelta ematea izan behar dugu helburu. Azken gola zaleek sartuko dute”.

Mutrikuarrak argi esan zuen: “Badakigu Anoeta topera egongo dela, zaleak gurekin egongo direla, indarra eta kemena eskainiz. Denok bat eginda irauliko dugu kanporaketa”. Eta markagailua iraultzeko oso garrantzitsua izango litzateke gol bat ahalik eta lasterren sartzea, Anoetaren sinesmena areagotzeko: “Partida beroa izango bada ere, burua hotz mantentzen jakin beharko dugu, bihotza topera egon arren. Gol bat azkar sartzea garrantzitsua izango da, noski, baina partidak 90 minutu iraungo ditu. Joanekoan ere halaxe jardun genuen, lehen gola goiz samar jaso arren".

Aurreko ostegunean joaneko partidan, Realak egindako lana kontuan izanik, argi eta garbi merezi izan ez zuen bigarren gola 86. minutuan jasotzea, kolpe latza izan zen txuri-urdinentzat; baina taldeak Erromako Estadio Olinpikoan egindako gauza positiboak nabarmendu nahi izan ditu Illarrak. “2-0koa emaitza kaskarra izan arren, gauza asko txukun egin genituen, eta golen bat sartu eta emaitza hobea ekartzeko aukerak ere izan genituen, baina ez genuen asmatu. Bigarren gola jasota, kanporaketa maldan gora jarri zitzaigun, baina ondo jokatzeko gai izan ginen, baita haiei min egiteko ere. Ez genuen horrelako emaitzarik espero, noski, baina buelta emateko gai gara”. Eta horren harira aipatu zuen gero, “talde honengan sinesteko arrazoi asko eman ditugu. Beste behin ehuneko ehun emango dugu. Eta azkenean, denon artean, lortuko dugu”.

Adierazpen polemikoak Erromako partidaren ostean, partida horiek “handi samar gertatzen zaizkigula” zioten Imanol Alguacil entrenatzaileak egindako adierazpen polemikoak ere izan zituen hizpide Illarramendik. “Ez zait iruditzen Imanolek hori pentsatzen duenik, bera baita kanporaketa iraultzean sinesten duen lehena. Egun hartan denok geunden gure onetik aterata”.

Erdilari gipuzkoarrak adierazi zuenez, azken egun hauek jokalariak konbentzitu nahian eman omen ditu entrenatzaile oriotarrak: “Mallorcako partidaren ondoren, horretan jardun du buru-belarri. Imanolek sinesmen osoa du beti gugan”.