Realaren denboraldia ezin hobea izaten ari da kirol emaitzei dagokionean, baina azken asteotan min hartutako jokalarien zerrenda hazi egin da, eta astelehenean Espanyolen aurka jokatzeko bederatzi jokalari gabe ekin beharko dio Imanolek. Horrek, aldaketa batzuk egitera behartuko du Orioko entrenatzailea. Aldaketa horietako bat Aihen Muñoz atzelaria izan daiteke: normalean ezkerraldeko atzelari jokatu ohi du nafarrak, baina eskuinean jokatzeko arazorik ez daukala adierazi du: “Misterrak esaten duen lekurako prest nago. Egia da gehienetan ezkerretik jokatu izan dudala, baina ni prest eskuinetik ere jokatzeko. Hegaleko aurrelari bai jokatu nuen inoiz, baina atzelari postuan ez dut eskuinetik jokatu; behar izanez gero, prest nago”, adierazi du ostegun honetan Muñozek.
Min hartutako jokalarien zerrenda luzea bada ere, taldeak ez du aitzakiarik bilatzen: “Jokalari askoren falta nabaritzen da, baina partida askotan jokatu dute titular Ander Martinek, Magunak… eta oso ondo egin dute. Gaudenekin, gu aurrera”.
Atzelariaren ustez, ez omen dago aparteko arrazoirik hainbeste lesio pairatzeko: “Futbol kontuak dira. Gure entrenatzeko moduak ekarri gaitu gauden leku horretara, eta guk oso argi daukagu. Lesioak zoritxarrekoak dira. Ni Celtaren aurkako partidan primeran nengoen eta bat-batean lesionatu nintzen. Zorte txarra. Gure eguneroko martxak eraman gaitu hor goian egotera”.
Valladoliden aurka porrota jaso eta gero, taldea normaltasunez jardun da Zubietan aste honetan: “Astea besteak bezalakoa izan da; lan handia, ohiko entrenamenduak, eta jendeak hurrengo partida dauka begiz jota”.
Denboraldiaren bigarren zatia hasi berritan, goizegi omen da oraindik taldeak bere buruari helbururik jartzeko: “Gure helburua Espanyol da. Ahalik eta goien bukatu nahi dugu. Gure helburua beti da hurrengo partida, baino zenbat eta gorago bukatu, hobeto”.
Muñoz min hartuta ibili da bi hilabetez eta orain sasoi punttu egokia berreskuratu behar omen du: “Bitarte horretan Diego dotore jardun da, ea orain ni maila berreskuratzeko gauza izaten naizen”.