Real Sociedad | Sanse: "Denok dugu helburu gora iristea", dio Arambarrik

Bigarren maila Arambarri pozik, Europarako izena eman duten Sanseko jokalarietako bat izateagatik

09.09.2021 | 00:20
Arambarri, atzoko Sanseren entrenamenduan. Argazkia: R.S.

Donostia – Aritz Arambarri dugu lehen taldera jauzi egiteko urratsak ematen ari den beste jokalarietako bat. Dagoeneko Imanolek deialdiren batzutan sartu du, eta Sanseko erdiko atzelaria Europa Liga jokatzeko Realak eskainitako zerrendan sartu dute: "Norberaren izena ikustea gustukoa da, noski, ilusioa egiten du, Sanseko jokalari guztiok dugu helburu lehen taldera iristea; baina gu Sansen gaude, ondo ari gara lanean eta horrela jarraituko dugu, datorren asteburuko partidari begira".

Azkoitiarrak ondotxo daki bigarren taldeko jokalari guztiek ez dutela lor-tzen lehen taldean finkatzea: "Batzuk iristen dira, beste batzuk ez; baina lan eginez gero, denok izango dugu aukera, hemen ala kanpoan. Lana gogotik egitea da gora iristeko bidea. Lana da sekretua. Gero gerokoak".

Bigarren Mailara igo ostean taldeak izandako jarrera ere aztertu zuen atzelariak: "Eroso sentitzen gara, taldeak horrela jokatzen du (defentsako lerroa nahikoa aurreratuta). Erdiko atzelariok badugu beti zer eginik, baloiarekin eta baloirik gabe. Taldeak badaki zer egin behar duen".

"Derbi gogorra" Bestalde, larunbat honetan Eibarren aurka jokatuko duten Ligako konpromisoa ere hizpide izan zuen Aritz Arambarrik: "Badakigu denboraldi amaieran Eibar goian ibiliko dela, eta aurkari gogorra izango dela". Gipuzkoarren arteko derbia berezia izango da bi taldeentzat: "Partida gogorra izango da. Eibarrek badu jokamolde jakin bat, eta goian ibiltzeko antolatutako talde indartsua da. Gure jokoa egiteko gai izaten bagara, ordea, garaipenetik hurbil egongo gara".

Reala Bk jokatzen duen futbolari dagokionean, Urola Erdiko jokalariak esan zuenez "taldeak beti daki nola jokatu behar duen, urteak darama-tzagu horrela jokatzen, entrenamenduetan prestatutakoa islatzen dugu zelaian asteburuetan". "Taldea ondo ikusten dut, sentsazio onekin eta edozein egoeri aurre egiteko moduan", adierazi zuen gipuzkoarrak.

noticias de noticiasdegipuzkoa