- Asier Illarramendi hurrengo denboraldian pentsatzen ari da. "Ez da erraza izango hor goian mantentzea, baina entrenatzaileak lan handia egiten du egunerokoan. Beti bultzatzen gaitu hobetzera, lehiatzera, anbizioa izatera, eta berak ez du atsedenik hartzen taldea hor goian mantentzeko. Hori guztia gabe erdipurdiko taldea izango ginateke. Aurrerapauso handiak eman ditugu klub eta talde bezala eta horri eutsi egin behar diogu. Ikaragarri kostatu zaigu honaino iristea. Eta horrela jarraitu nahi badugu, badakigu bidea zein den. Anbizio hori mantendu behar dugu egunero-egunero ". Realeko kapitainaren ustez, beraz, "Ez da urte erraza izango. Ondo prestatzea da kontua, eta horretan ez dago zalantzarik. Iaz ondotxo erakutsi genuen, jokalarien aldetik ondo gaudela ". Gogoan du partiden kopuru handiak eragina izan dezakeela lesioei dagokienean, baina, hala ere, konfiantza izaten jarraitzen du: "Taldea prest dago datorrenari aurre egiteko. Erakutsi dugu gauza garela. Beraz, jarraitu egin behar dugu eta ea noraino iristeko gai izaten garen".

Aurreko denboraldian Realak eskainitako errendimendu onaren gakoetako bat Imanol Alguacil izan zen. Illarraren esanetan Oriokoa denboraldi-aurrera "ondo" iritsi omen da: "Ezagutzen dugu. Eskakizun-puntu hori beti nabarmentzen digu, eta horrela izan behar du. Hori da berak markatzen duen bidea eta guk jarraitu egin behar dugu. Badakigu noraino eraman gaituen eta gogotsu dago ".

Barçaren aurkako Ligako lehen partidari begira, Illarramendik dioenez "bere etxean zaila izango da, baina azken urteetan erakutsi dugu gerra emateko gai garela. Emaitza onik ez dugu lortu, baina lehiatzeko gauza izan gara. Beraiek ere jende asko dute selekzioekin, eta ea nola etortzen diren haien kontra jokatu behar dugunean. Partida gogorra izango den arren, fede handia dugu talde honengan. Lehiatuko gara, baina ez da erraza izango".

Illarramendik goraipatu egin du Oyarzabalek eta Isakek Eurokopan egindako lana. "Mikel aulkian hasi zen, baina geroz eta hobeto aritu da. Penaltietan galdu arren, oso denboraldia eta Eurokopa onak egin ditu. Ez du atseden handirik izango, baina tira, zorte handia opa diot Olinpiadetan, eta ez dadila lesionatu; ez bera, ez Martin, ezta Merino ere, oso jokalari garrantzi-tsuak baitira guretzat ". Isaki buruz berriz, hauxe esan du: "Oso ondo ibili da. Berak dakizkien gauzak egin ditu; guk badakigu zer egiteko gai den eta Eurokopan ederki erakutsi du. Gurekin jarraituko du eta pozik gaude. Garrantzitsua da guretzat".

"Taldea prest dago datorrenari aurre egiteko. Erakutsi dugu gauza garela"

Realeko kapitaina