- Aiako Errealzaleen Taldeak marrazki erraldoi bat prestatu dute Errege Kopako finalerako alde batetik eta bestetik, garbi dute: "Realak ekarriko du etxera", hala adierazi zuen taldeko presidenteak, Aritz Lizasok. Igandean bildu ziren Imanol Alguacilen mutilei babes guztia adierazteko eta mosaiko bat ere osatu zuten helburu horrekin.

Etxeko txikiek zein helduek hartu zuten parte, eta "Aurrera Reala! Aurrera Gipuzkoa! Aurrera txuri-urdinak!" kantatu zuten ozen eta gogotsu. Ez zen xehetasunik falta izan: kamisetak, banderak eta musukoek estalitako irribarreak. Haatik, pena puntua ez die inork kenduko. Bertan izan ziren zale askok Andaluziara bidaiatzeko asmoa zuela adierazi zuen, beste hainbaten ideia, Aize Berri lokalean bertan partidua lagun artean ikustea zen. Tira, ba ez bata ez bestea. "Bakoitzak bere etxean ospatu beharko du" azaldu zuen Lizasok. Hala ere, "aurrez elkartuko gara zerbait hartzeko eta dena ondo bidean, norgehiagoka bukatu ondoren balkoietatik izango dugu elkarren berri" nabarmendu zuen barre txikiz. Hori bai, guztiaren gainetik "Realak kopa lortzea da garran-tzitsuena, gero era batera edo bestera moldatuko gara ospatzeko".

Aiako errealzaleen izenean mezu bat helaraztera ausartu zen: "Jokalariei esan nahiko genieke beraien nortasuna erakusteko. Azken urteetan eredugarri izan zarete eta horri jarrai-tzen badiozue, finala poltsikoan duzue".

Igandeko ekimenaz gain, "herrian ilusioa pizteko asmoz" 200 metro inguruko oihala erosi dute. Hala, dagoeneko jantzi dituzte balkoiak eta txoko ezberdinak txuri-urdinez. Hori gutxi balitz, "motz" geratu zaie eta momentu handirako egun gutxiren faltan, "herritarrak tela eskatu eta eskatu ari zaizkigu", aitortu zuen presidenteak.

Talde gisa 2011an eman zituzten lehen pausoak. Ondo gogoratzen dute egun hura. Markel Bergara eta Daniel Estrada joan ziren, besteak beste, Aize Berri egoitzara, "hura poza gurea!". Ibilaldia hain luzea izan ez arren, ondo errotutako taldea da Aiakoa. Jada 50 bazkide izatera heldu da. Gainera asmoa handitzen joatea da, "gazteak erakarri nahi ditugu batik bat". Horregatik guztiagatik da Aia, herri txiki, zaletasun handi.

"Herri guztirako 200 metro inguruko oihala erosi dugu eta txiki geratu zaigu"

Aiako Errealzaleen Taldeko presidentea