- Imanol Alguacil ez da Real Madrilez fio, titulua lortzeko aukerak agortu nahi ez baditu ezinbesteko duelako irabaztea. Zentzu horretan, entrenatzaileak atzo aitortu zuenez, "beti da une txarra euren aurka jokatzeko, sekulako maila dutelako inondik inora. Azken partidetan oso ondo jokatzen ari dira, gainera. Batzuk larri irabazi arren, jokoz oso ondo dabiltza. Irtenbidea bila-tzeko gauza izaten dira, eta beraz, inoiz ez da une aproposa izaten Madril bezalako talde boteretsu bati aurre egiteko".

Dena den, Realak ere asko du jokoan Europako txapelketaren bat jokatzeko borrokan. "Ligan egiten ari ginen jokoari jarraipena ematea da gure helburua, ez dago besterik. Ligan joko eta emaitza dinamika ona hartu dugu, eta egoera horri jarraipena emateko baliabide guztiak jarriko ditugu. Beti ere, zuhur jokatuta, asko geratzen delako ", zehaztu zuen.

Azken boladan Realak Madrilen aurka egindako partida onei buruz ere hitz egin zuen: "Partida batzuetan aurre egiteko gai izan gara, eta baita irabazteko gauza ere. Asmoa berbera izango da, euren jokoa baliogabe-tzen saiatzea, ona eta desberdina dutelako, eta gurea ondo egitea ".

"Egia da, sortutako aukerak kontuan izanik ez dabiltzala oso eraginkor, baina jokoz oso ondo daude, eta golik apenas jasotzen dute. Gu ligan eraginkorrak izaten ari gara, eta uste dut abagune ugariko partida izango dela, bi taldeok helburu bera izango dugulako: irabaztea. Ea beraiek baino gehiago asmatzen dugun", gaineratu zuen txuri-urdinen entrenatzaileak.

Oriotarra, aurkaria edozein izanda ere, beti irteten da zelaira aurre egin eta partida irabazteko asmoarekin: "Beti saiatzen gara aurkariei aurrez aurre begiratzen, oso onak eta boteretsuak izan arren. Beti da lagungarri, noski, haiekin lehiatu eta irabazi diegunetik denbora askorik ez pasa izana. Gure jokalarietako asko egon dira garaipen horietan. Dena da lagungarri, baina testuingurua partida guztietan aldatzen da".

Aurkariak bezala, Realak ere baja garrantzitsuak ditu gaur gauean jokatuko den norgehiagokarako. Jakitera eman den azkena, Asier Illarramendi kapitainarena, zelai erdian Mikel Merinok utzitako hutsunea handituz: "Bistan denez, bi baja oso garrantzitsu dira. Badakizue zer nolako konfiantza dudan Mikelekin, beti jokatu ohi du. Eta Asierren aldeko apustua ere egiten ari nintzen. Baina ez dago aitzakiarik, gainerakoak ere prest baitaude. Potentziala badugu eta denak oso ondo daude. Guevara, Zubimendi, Guridi, David Silva€ Ederki erakutsi zuten Manchesterren aurka. Zero kexa, zero atsekabe, eta Real Madrilen aurka ahalik eta hamaikakorik onena ateratzea izango da kezka bakarra ".

Jokalariei dagokienez, Alexander Isaken gol-bolada ona ere hizpide izan zuen: "Aukerak beti izan ditu. Eta orain bezala, gol zaparradak etortzeko, atzetik beste zerbaitek egon behar du, eta horiek taldekideak eta taldearen jokoa dira. Meritu handia taldekideena da, haiek egiten ari diren jokoarena. Hemen dena, ona eta txarra, guztiona baita. Ea golak sartzen jarrai-tzen duen ".

Era berean, Jon Guridiren egoera azaltzen ere saiatu zen, azken asteotan pauso bat atzera geratu baita: "Beste batzuen alde egin dut berak baino hobeto egingo zutelakoan. Gogor ari da entrenatzen, baina lehengo egunean irten zirenek hobeto egingo zutela uste nuen. Inoiz ez dut ezer gordeta uzten irabaztearen mesedetan".

"Ligan egiten ari ginen jokoari jarraipena ematea da gure helburua"

Realeko entrenatzailea