- Imanol Alguacilek Realarekin titulu bat altxatzea duela amets amets aitortu du gaur Manchester Uniteden aurka jokatu aurreko agerraldian. Eta Europa Ligan, oraingoz, badago horretarako aukera. "Ilusioa, gogoa eta anbizioa daramatzagu. Taldearen ardura hartu nuenetik titulu bat altxatzearekin amets egin dut gauero; izan ere, taldeko entrenatzaile izateko erronka onartzen duzunean, zure alde apustu egin dutenei konfiantza itzultzea besterik ez duzu gogoan, zerbait handia eskaintzea, eta gauzarik handiena bat titulu bat da. Ea gauza izaten naizen", adierazi du Realeko entrenatzaileak.

Imanolek argi azaldu zuen, talde txuri-urdinari kanporaketa gogorra egokitu zaiola maila goreneko talde baten aurka. "Talderik latzena gainditu dugu. Manchester ez da beste urrats bat, jauzi bat baizik; baina ilusioz gainezka gaude, Reala aurkari guztiekin nor baino nor lehiatzeko gauza dela ikusten baitugu", esan zuen Zubietan eskainitako prentsaurrekoan.

"Manchester aurrean izanda, akaso ameslariak izango gara; baina Realak ilusioa eskaintzen du, orain arte egindako guztiagatik, eta aurtengo partida garrantzitsuei nola aurre egin diegun kontua izanda", gaineratu du oriotarrak. "Baloia izatea eta presioa goian egitea gustuko dugu bi taldeok; jokalari azkarrak eta teknikoak ditugu. Itxura guztien arabera "partida bikaina" izango da, eta ea gure aldera eramaten asmatzen dugun" , adierazi du.

Bere iritziz kanporaketa hau nolakoa izango den ere azaldu zuen: "Primerako jokalariak eta entrenatzaile bikaina duen talde historikoa izango dugu aurrez aurre. Ederki jokatzen dute, orain gutxira arte Premierreko lider izan dira eta oraindik ere badute hura irabazteko aukerarik. Sekulako kanporaketa da, Reala bizi-bizirik dago eta lehen partidaren ostean bizirik jarraitzea espero dugu".

Horregatik, aurkariaren maila gorabehera, ez omen dute hasieratik tentuz jokatzeko asmorik, euren jokoarekin nagusitu baizik. "Hasiera batean, jakina da taldeak zer egingo duen. Zelaia gaur ezagutuko dugu, eta ez dago aitzakiarik. Bitxia da etxeko partida Italian jokatzea, baina ez dago aitzakiarik, ez zaizkit gustatzen", esan zuen Turinen jokatu behar izatearen inguruan.

Zentzu horretan, etxeko partida Italian jokatu eta itzulikoa Old Trafforden jokatzeari buruz, Unitedek "abantaila txiki bat" izan dezakeela onartu zuen: "Garbiena eta naturalena bi partidak zelai neutralean jokatzea litzateke, baina ez da horrela izango eta ezin horri begira egon. Anbiziorik handienarekin egingo diogu aurre, beste erronka bat dela jakinda".

Arerioaren inguruan aipatu zuen, Manchester Uniteden "ez dago jokalari erreferentzialik, baina Bruno Fernandesek arrisku handia sortzen du. Ezin dugu, ordea, arreta guztia Brunorengan bakarrik jarri".